Arte kontzeptuala oinarri duen erakusketa egin du Iosu Gonzalezek

Iosu Gonzalez, Andoaini, Lasarte-Oriari eta Hernaniri eskaini dien eskultura bana

“Europa. Modernitatearen amaiera” izenburuko artelanen erakusketa jarrita dauka egunotan Iosu Gonzalezek Hernaniko Biteri kultur etxean. Gonzalez Andoainen hazi eta hazi zen, eta besteak beste, Leitzaran bailaran bizi izan zen Juan Inazio Irulegiri eskainitako artelana jarri du erakusketan.

Biteri Kultur etxean, urriaren 20ra bitarte egongo da zabalik erakusketa, astelehenetik ostiralera 09:00etik 22:00etara eta larunbatean, 09:00etatik 14:00etara.

Gonzalezek zehaztu duenez, “harrikada artistiko-intelektual” pertsonalaren emaitza da erakusketa, azken zortzi hilabeteetan osatu duena, “guztion arteko hausnarketarako proposamen gisa erabiltzea nahi nuke, bizitzea merezien duen bizitza lortzeko guztion parte hartzeaz baliatuz”.

Kultur-adierazpen ugari landu-zalea da Gonzalez, eta erakusketa amaitu bezain pronto, idazketari ekiteko asmoa dauka, barruan darabilzkien ideiak, hausnarketak, sentimenduak... adierazteko asmoz.

 

Teknika eta material anitzeko erakusketa

Gonzalezek hainbat teknika eta material erabili ditu erakusketa osatzeko; pinturak, eskulturak ez ezik, beste zenbait elementu deigarri (aulki bat, alfonbra bat, lorategia...) topatuko ditu ikusleak Biteri kultur etxean.

Adimen artifizialaz ere baliatu dela aitortu du Gonzalezek, esate batera, Leonardo Da Vinciren “Azken afaria” margolanarekin egin duen bertsioa.

Arte kontzeptualaren filosofiari heldu dio erakusketa elementu ugarirekin osatzeko: collageak, irudi-laminak, eskulturak (maketak batzuk), koadroak (pintura akrilikoa, paper pintura mihise gainean), irudiak, lorategi bertikala, zurezko panela, alfonbra, kartoia, munduko herritarren banderak...

Erakusketarako erabaili duen materiala ia-ia dena birziklatua dela zehaztu du Gonzalezek.

 

Andoain, Lasarte-Oria eta Hernaniri keinua

Iosu Gonzalez Tordesillasen (Valladolid) jaio zen 1950an, eta sei urte zituela familiarekin Andoainera etorri zen bizitzera. Bertan hezi eta hazi zen 18 urte bete arte; La Salle ikastetxean egin zituen ikasketak, eta bizialdi hartan heldu zion konpromiso politikoa antifrankistari. Lasarte-Oria egin zituen urte batzuk ondoren, eta Hernanin bizi da azken urtetan.

Hiru herri horietan bizi esperientzia sakonak bizi izan dituela eta munduaren aurrean eduki beharreko pentsamendua erabat markatu diotela aitortzen du, eta horrexegatik, eskultura bana eskaini nahi izan die.

Hernanin errotuta egon den industria metalurgikoa eta migrazioa islatzen duten burdina eta garia uztartzen ditu Hernani inspirazio-iturri duen eskulturak.

Hainbat herri mugakideren ekarpenez 1986ean udalerri izatea lortu zuen Lasarte-Oriaren alegoria da bigarren eskultura; berunezko piezek eraikitzen dute udalerria.

Azkenik, Andoaini dagokionez, Juan Inaxio Irulegi zenari omenaldia egin nahi izan dio. “Gainerakoak ametsak ditugun eran, Juan Inaxio ametsen jabe izan zen; espiritu askea izan zen Leitzaran bailarako bihotzean, Beines baserrian. Eskaiolazko eskulturaren bitartez, garaipenaren sinboloa den ilargia eskuarekin altxatzen duen gizakia irudikatu nahi izan dut”.

 

Antropozenoko Artearen jarraitzailea

Globalizazioak, kapitalismoak eta AEBetako eragin kulturalak markatutako aro historiko eta sozial baten amaierari buruz bisitaria hausnartzen jartzea du helburu zabaldu duen erakusketak, eta horretarako, egoki ikusi du ingurumenaren kontzientziarako ikuspegi terapeutiko eta hezitzailea sustatzen duen Antropozenoko Artea lantzea. Bere hitzetan, “mugimendu artistiko garaikidea da Antropozenoko Artea, sormena ingurumen-kontzientziarekin eta naturarekiko errespetuarekin integratzen duena. Hainbat diziplina artistikoren bidez adierazten da, gizakiaren eta inguruaren arteko harremana birdefinitu nahian. Ikuspegi artistiko honek, edertasun estetikoa ez ezik, jasangarritasuna eta gizakiak planetan duen eraginari buruzko hausnarketa ere bilatzen du”.

Antropozenoko Arteak, tresna terapeutiko eta hezitzailea izan nahi duen heinean, honako printzipioak sustatzen dituela gogorarazi du:

*Ingurumen Kontzientzia sustatzea: Lan artistikoen bidez kutsadura eta aldaketa klimatikoa bezalako problematikak ikusaraztea.

* Naturaren Hauskortasunari buruzko gogoeta sustatzea: material naturalak erabiltzen dituzten obra iragankorrek natura zaintzeko gonbidatzen dute.

* Giza eta Naturaren arteko lotura indartzea: Gogoratu gizakia sistema natural konplexu baten parte dela, biodibertsitatearen galerari aurre eginez.

* Sormena eta Itxaropena sustatzea: Ekintza positiboak inspiratzea etorkizun harmoniatsu eta jasangarriago baterako.

* Hezkuntza eta Sentsibilizazioa erraztea: Erakusketa, tailer eta lankidetza-proiektuen bidez.

* Diziplinarteko Lankidetza sustatzea: Artistak, aktibistak eta herritarrak batzea konponbideak bilatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!