Udazkeneko bonuen kanpainaren berri eman dute udal ordezkariek eta teknikariek eta Salkineko ordezkariek elkarrekin, gaur eguerdian, Plaza Morean egin duten agerraldian.
Andoni Alvarez alkatea, Marta Lasa (Kultura, euskara eta hezkuntza zinegotzia, EH Bildu), Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV), eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos), Manu Segovia udaleko enplegu eta sustapen saileko teknikariak, eta Salkin elkarteko Andoni Etxeberria eta Izaskun Orbegozok hartu dute parte bonuen aurkezpenean.
“Dena da” lelopean, "Zuretzat, denda bat, zure herriarentzat dena" du izenburu kanpainak, tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean kontsumo kontzientea sustatzeko. "Andoainek merezi du tokiko merkataritza indartsu bat, kontsumo arduratsua eta iraunkorra sustatuko duena herritarren artean. Andoaindarrek merezi dute Andoain bizi bat, herrian bertan kontsumitu ahal izateko. Horregatik, Udaletik ahalik eta gehien lagundu nahi dugu helburu hori lortzeko", adierazi du Alvarez alkateak.
30 euro ordainduta, 50 euroko bonuak
Udalak, guztira, 52.000 euro bideratuko ditu bonu hauetarako, eta aurreko urteetan legez, Andoainen erroldatutako adin nagusiko herritarrek 30 euro ordainduta 50 euroko balioa duen bonua eskuratu ahal izango dute. Horretarako, tiketa eta NAN agiria aurkeztu beharko dituzte; gehienez bonu bat salduko da tiket eta NAN bakoitzeko.
Bonu bakoitza 10 euroko 5 kupoitan banatuko da, nahi den herriko lekuan gastatzeko. Ilarak saihesteko asmoz, bonuak erosi aurretik tiketak eskuratu beharko dira urriaren 22an eta 23an; gehienez bi tiket, pertsona bakoitzeko. Horietako bakoitzak bonu bat jasotzeko eskubidea ematen du, baldin eta bonu hori NAN bati lotuta badago.
Urriaren 26tik abenduaren 20ra bitarteko erabili ahal izango dira bonuak.
Koloretako bonuak
Kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztien artean ahalik eta banaketa bidezkoena lortzeko, bonuak koloretakoak izango dira, berriz ere.
Bonu bakoitzak 10 euroko 5 txartel izango ditu, eta txartel bakoitza 5 euroko bi zatitan banatuko da. Hona lau koloreak:
• Berdea, janari-dendetan eta ostalaritzan (okindegiak, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, edari-dendak, gozotegiak, edari-dendak, tabernak, jatetxeak, kafetegiak).
• Laranja, modako saltokietan (oinetakoak, osagarriak, kirol-dendak, mertzeriak eta bitxi-dendak).
• Urdina, zerbitzuetan (ile-apaindegiak, farmaziak, optikak, liburu-dendak, etxetresna elektrikoen dendak...)
• Horia, bi txartel, komodin gisa, edozein establezimendutan erabiltzeko.