Hondakin elektronikoen bilketa egiten ari dira La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleak

Hondakin elektronikoen bilketa-kanpaina jarri dute abian La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleek, azken urtetan legez. Goikoplazan, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara egongo dira, herritarrek ekartzen dizkieten hondakinak jasotzeko.

La Salle Berrozpe ikastetxeko Mantentze-lan Elektronikako Goi-mailako ikasleak jarri dute Goikoplazan bilketa-mahaia, irakasleekin batera. Horrela, bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak urriaren 16tik 25era abian jarri duen Asteklima kanpainarekin.

Euskadiko klima aldaketaren eta trantsizio energetikoarekin lotzen da kanpaina. Andoaingo Udalak eta Tolosaldeko Mankomunitateak ere kolaboratu dute ekimenean.

Jon Arrieta Ventoso eta Ronald Hernandez Vega ikasleen azalpenak, hemen:

 

Zer utzi litekeen, eta zer ez

Utzi litezkeen objetuekin zerrenda egin dute ikasleek:

- Ordenagailuak.

- Inprimagailuak.

- Monitoreak.

- Mugikorrak.

- Telebistak.

- Telefono-zentralak.

- Router-ak.

- Etxetresna elektriko txikiak.

- Irratiak.

- Bideokamerak.

- Kontsolak.

Utzi ez litezkeenak ere gogorarazi dituzte:

- Hozkailuak.

- Garbigailuak.

- Sukaldeak.

- Ontzi-garbiilua.

- Tonner-ak.

 

Helburuak eta onurak

Ikasleek adierazi dutenez, kanpainak hiru helburu ditu jarriak batik bat: erabiltzen ez diren zaborretara botatzekoak diren gailu elektronikoak biltzea, bildutako baimendutako kudeatzaile batera edo garbigune batera eramatea, eta, bigarren bizitza bat ematean saiatzea.

Bilketak onura ugari dituela azpimarratu dute: ingurumena babestu, baliabide naturalak aurreztu, energia aurrezten lagundu, hondakin gutxiago sortu, klima-aldaketaren aurka lagundu, materialei bigarren bizitza bat eman...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!