Pentsio publikoen aurka ari direnak hartu dituzte jomugan pentsiodunek, gaurko elkarretaratzean

Goikoplazan bildu diren Andoaingo pentsiodunek kritikak egin dizkiete “Pentsio Sistema Publikoaren kolapsoa iragarriz pribatizazioa eta murrizketa berriak eskatuz gezurretan” ari direnei, eta adierazi dute bat egingo dutela Estatuko pentsiodunen plataformek Madrilen datorren larunbaterako deitu duten manifestazioarekin.

Adierazi dutenez, Euskal Herriko pentsiodunek Madrilen urriaren 24an, larunbatarekin, estatuko pentsiodunen manifestazioan parte hartuko dute, “lortu ditugun eskubideak defendatzeko eta gobernuari gure eskakizunei erantzun diezaien eskatzeko arrazoiz beterik manifestatuko gara Madrilen. Pertsona aberatsak gero eta aberatsago bihurtzen dituzten politika fiskal eta ekonomikoak salatuko ditugu, gero eta pertsona gehiago hilabete amaierara iritsi ezin garen bitartean”.

Gehitu dutenez, ”aberatsek gero eta aberastasun eta botere gehiago metatzen dute osasuna, etxebizitza eta arreta bezalako oinarrizko eskubideak dirutan bilakatuz eta eskua gure poltsikoetan sartuz produktu eta zerbitzuen prezioak espekulatuz eta igoz”.

Erantsi dute “edo inbertitzaileen eta errentarien kontuak gizentzen jarraitzen da edo langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoan banatzen dugu”.

Gaur egun, eztabaida hori bizitokiaren eskubidearen aldeko borrokan agertzen dela uste dute. Alde horretatik etxebizitza bizitza-proiektu baten oinarri izatearen aldeko politikak bultzatu behar direla eta ez espekulatzaileen kontu korrontean dirua sartzearen aldekoak.

Ozen esan dute aurre egingo dietela “Pentsio Sistema Publikoaren kolapsoa iragarriz pribatizazioa eta murrizketa berriak eskatuz gezurretan ari direnei, PP eta VOX bezala”.

 

Pentsioen erosmen-ahalmena bermatzeko eskaera

Bestalde, gogoratu dute Madrilgo manifestazioan gobernuari eskatuko diotela ezin dela legealdia bukatu pentsioen erosteko ahalmena murrizten duen lege dekretu bat sinatuz. “Hain zuzen %3,2 igoz pentsioak KPIa %5era iritsiko denean. Gobernuak, alde egin aurretik, pentsioen eros-ahalmena bermatu behar du, KPI erreala aplikatuz, galdutako eros-ahalmena ordainsari batekin konpentsatu urte amaieran, gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu eta koefiziente murriztaileak ezabatu 40 urte edo gehiago kotizatutakoekin”.

Azkenik, adierazi dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak babesten duela azaroaren 11n soldata eta etxebizitza duinen alde deitutako greba, "eta horrekin bat egiten dugu, pentsio duin eta nahikoen eskakizuna gehituz. Bi aldarrikapen horiek funtsezkoak dira duintasunez bizitzeko eta aberastasuna modu bidezkoan banatzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!