Red Bull MotoGP™ Rookies Cup 2026 txapelketan balentria egin du 18 urteko andoaindarrak. Munduan barrena lehian ibiltzea eta irabazle izatea gauza handia da, baina herriaren aitortza jasotzea ere ez da txikikeria. Gaur Beñatek eta bere familiak luzaroan gogoratuko duten omenaldia jaso dute.
Txapeldunen gisan egin du sarbidea Goikoplazan: ibilgailu batean hurbildu dira Imanol aita eta Beñat, nola ez, motozalez inguratuta. Udaletxeko arkupean zain zituen erakundeetako ordezkariak, Andoni Alvarez alkatea eta Goizane Alvarez Aldundiko buru zirela.
Harrera amaituta herri omenaldiari segida eman diote. Ane arrebak aurreskua dantzatu dio eta, segidan, Jaione Alonsok zuzendu duen ekitaldiari jarraipena eman diote. Hitza hartu dute Imanol Fernandez aitak, Ane arrebak, Efren Vazquez haren managerrak eta, nola ez, Beñatek berak.
Ama gogoan izan dute
Etxean oso presente dute Ana ama. Duela urte batzuk zendu zen baina oraindik ere erreferentzia handia da Beñat eta etxekoentzat. Gaur ere gogoan hartu dute eta Andoni Alvarez alkateak lore-sorta eman die. Horrez gain, txapel bikoitza jaso du Beñatek: 2025eko eta 2026ko lorpenei dagokion txapel bana, hain zuzen. Adierazpen horiez gain, aipagarria da pantailan ikusi den bideo-sorta. Batetik, Beñaten ibilbidea laburbiltzen duen irudi-muntaia. Bestetik, bi lekukotza: Carlos Checa eta Kevin Schwantz motor gidarienak. Ezusteko polita hartu dute Imanolek eta Beñatek, Amerikako Estatu Batuetako motor gidari ohiaren jarraitzaile sutsuak baitira.
We are the champions kantuarekin amaiera eman diote omenaldiari, etorkizunean ere txapeldunen artean bidea egingo duen desioarekin. Izan ere, Moto3 mailan ariko da hurrengo denboraldian. Jauzi handia emango du, lasterketa onenetan ariko baita. Torrontegi, Vazquez… motorgintzan ibilbide oparoa egin duten euskal ordezkariak eskuekin konta daitezke. Beñat Fernandez, oso gaztea izanik ere, elitearen zerrendan sartzear da.
Dagoeneko ez da etorkizuna: oraina da.
