Zinema zuzendari bilakatu den ikasle ohiaren hitzaldia

Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan, Agorretaren margolanen artean, ESCIVIko ikasleen aurrean hizlari aritu da Imanol Rayo.

"Bi anai”, “Hil kanpaiak” eta “Iñigo” film luzeen egilea Andoainen izan da goizean, ESCIVIko ikasleekin solasean. Bastero Kulturguneak antolatu du erakusketa eta, haren bueltan, Aiurrik ekitaldi osagarriak antolatu ditu. Gaurkoa izan da lehena. Hala, euskal zinemagilea hurbildu da ikasleen aurrean bere esperientzia eta bizipenak partekatzera. Ainhoa Aiertza irakaslea aritu da moderatzaile lanetan eta ikusleek parte hartze handia izan dute solasaldian, hainbat galdera egin dituzte-eta.

Berriki “Los últimos artesanos. Conversaciones con: Pedro Olea, Imanol Uribe, Enrique Urbizu y el Colectivo Moriarti” liburua argitaratu du Ereinekin. Hori ere hizpide izan da gaurko solasaldian. Solasaldiaren hasieran, hori bai, Rayok aipamen berezia egin dio Agorretaren erakusketari. Izan ere, lagunak izateaz gain, biak ere Sastraka kultur ekoizpenaren partaide izan dira. Hortxe, beraz, bi artisten arteko lotura eta gaurko saioa erakusketa-aretoan egin izanaren arrazoia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!