Plazaolako geltokia ireki dute Leitzan

Urriaren 23an egin zuten Leitzan kokatzen den Plazaolako ostatuaren, jatetxearen eta aterpetxearen irekiera festa. Bizikletaz edo oinez Leitzaran bailaran murgiltzen diren kirol eta natur zale ugarirentzat helmuga izaten da Leitzako eremu hori.

Informazio gehiago, Ttipi-Ttapa aldizkariaren erran.eus agerkari digitalean.

Taldeko jarduerak eta ekitaldiak egiteko erabilera anitzeko gunea eskainiko du Leitzako Geltokiak honetaz aurrera, eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek. Uxue Zabaleta Telleria leitzarrak gidatuko du Leitzako udalaren jabetzakoa den eraikineko proiektua.

 

Birgaitutako hirugarren geltokia Nafarroan

Plazaolako trenbide zaharrak 80 kilometroko luzera du Andoaindik Iruñera bitartean, eta Nafarroako lurretan birgaitu duten hirugarren geltokia da Leitzakoa. Beste biak Latasan (geltoki birgaitua eta jatetxea) eta Lekunberrin (turismo bulegoa, bertako produktuen denda eta ostalaritza zerbitzua) daude.

Gogoratu behar da Plazaolako ibilbide zahar hori 1905ean eraiki zutela, meategi-trena ibili zedin bertatik. Leitzaran bailaran ustiatzen ziren meategietatik Andoainera burdina garraiatzea izan zen trenaren xedea. 1914an, Iruñea eta Donostia lotzen zituen pertsona eta merkantzien trena bilakatu zen. 1953ko uholdeen eta autobusaren gero eta lehia biziagoaren eraginez, ordea, bertan behera geratu zen tren-zerbitzu hori. Merkantzien trena gisa, 1958ra arte iraun zuen.

 

Zertzena elkarteko kirolarien entrenamendu gunea

Leitzako Geltokiaren ondoan, Zertzena Herri Kirolen elkarteko kirolarien entrenamendu gunea dago. Bertan egiten dituzte prestaketak, besteak beste, eskualdeko Julen Gabirondo eta Nerea Arruti urnietarrek.

Azaroaren 14an, Zertzena elkarteko aizkolari eta harrijasotzaileek marka saiakera eta erakustaldia iragarri dute, Hernanin, Tilosetako pilotalekuan, eguerdiko 12:00etan.

Malen Barrenetxea hernaniarrak kanako enborra 17 urterekin ebakitzeko ahalegina egingo du, eta jaialdi berean, erakustaldia egingo dute hainbat aizkolari eta harrijasotzaileek; tartean izango dira Nerea Arruti eta Julen Gabilondo aizkorarekin eta Beñat Telleria harriekin.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!