"Etxebizitza eta soldata duinak, denontzat"

LAB sindikatuko Euken Villasantek ernatzun ditu Aiurri astekariaren galderak. Gaur Greba komitearen bilera dago Arrate pilotalekuko bilera-gelan, iluntzeko 19:00etan hasita.

Zergatik egin behar da greba datorren azaroaren 11n?

Bizi mailaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko prest ez gaudelako. Batez ere, etxebizitza gastuaren igoera neurrigabea, izan alokairua, izan mailegua, langileen prekarizazioaren arrazoi nagusietakoa bilakatu delako. Era berean soldata duinak aldarrikatzen ditugu, gogoan izan behar dugu pasa den martxoaren 17an SMIaren igoera aldarrikatzeko greba egin genuela.

Soldatak kaskarrak izanik eta etxebizitzaren gastuak hain altuak izanik, argi dago matematikak ez duela ematen. Hori da greba egiteko arrazoi garrantzitsuenetakoa.

Zeintzuk izango dira Greba Orokorraren aldarrikapen nagusiak?

Argi eta garbi, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat. Eta horri gehitu nahiko genioke ez gaudela agenda erreakzionarioa onartzeko prest. Euskal Herrian, estatu mailan, Europan, mundu zabalean hazten ari den olatu erreakzionarioari aurre egin behar diogu.

Dagoeneko egin duzue eskualde mailako antolaketa bilera bat. Nola doaz antolaketa lanak udalerriotan?

Txukun. Aurrera goaz. LABeko kideok aurreko astean bilera egin genuen auzia testuinguruan jartzeko. Gure delegatuak lanketa egiten ari dira lantokietan, hezkuntza-guneetan, udal erakundeetan… Greba antolatzeko denbora-tarte txikia dugu horrelakoak egiteko denbora gehiago behar izaten baita. Aste honetan greba batzorde irekiak egiten ari gara Beterri-Buruntzan gainerako eragileekin batera.

Azaroaren 11 gainean da. Zein aurreikuspen egiten duzue?

Mobilizazio ikaragarria izango da, aspaldi ikusitako handiena.  Kontuan izan denoi eragiten digun auzia dela. Lanuzteak garrantzia izango du, noski, baina irudikatuko da lantegiak hustuko ditugula eta kaleak betetzeko. Eskualdean jarraipen zabala izango du grebak eta hori argi geratuko da, eguerdian, Donostiako manifestazioan. Gainezka egingo du Donostiak.

Arratsaldean udalerrietan egingo dira manifestazioak. Andoainen egingo dela aurreratu dezakegu.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!