Gehiengo sindikalak eta Etxebizitza Sindikatuek etxebizitza-eskubidearen aldeko greba deitu duzue. Zerk eraman zaituzte greba orokor bat deitzera?
Etxebizitzaren arazoa ez da berria, baina azken urteotan egoera gero eta larriagoa bihurtu da langileontzat. Alokairuen eta etxebizitzen prezioek gora egiten jarraitzen dute, soldatak ez dira neurri berean igotzen, eta gero eta zailagoa da etxebizitza bat eskuratzea edo dugunari eustea. Gazte askok ezin dute emantzipatu, familia askok soldataren zati handi bat alokairura bideratzen du, eta etxegabetzeek eguneroko errealitatea izaten jarraitzen dute.
Greba honekin, etxebizitzak negozio izateari utzi eta guztiontzako eskubide bermatua izan behar duela aldarrikatu nahi dugu. Horretarako, espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzeko sakoneko aldaketak eskatzen ditugu.
Beharbada Maricarmenen etxegabetzea izan da egoera leherrarazi duena, baina urrutira joan gabe Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik Euskal Herrian bertan hamarnaka etxegabetze salatzen dituzue.
Maricarmenen kasua bereziki larria izan da, baina ez da salbuespen bat. Hego Euskal Herrian 2025an 1.141 etxegabetze judizial gauzatu ziren, hau da, egunean hiru baino gehiago. Azken hamarkada osoko datuak kontuan hartuta, 11.500 baino gehiago dira. Gainera, errentismoaren eta espekulazioaren neurrira egindako legeak nahikoa ez direnean, lan zikina indarrez egitera datozen matoien agerpena ere ikusi dugu azken urteotan. Andoainen bertan izan dugu horren adibiderik. 2024an, D&S desokupazio enpresa Ama Kandida etorbideko etxebizitza batera agertu zen.
Etxebizitzak bermatutako eskubide bat beharko lukeela diozue, osasungintza edota hezkuntza bezalaxe. Hori lortzeko, ordea, oztopo nagusia etxebizitzarekin egiten den espekulazioa dela salatu duzue.
Sakoneko hiru aldaketa aldarrikatzen ditugu: espekulatzaileen jabetzak desjabetzea, jardun espekulatiboa debekatzea eta etxebizitzak eta baliabideak behar sozialen arabera antolatzea. Era berean, berehalako hobekuntzak eskatzen ditugu, besteak beste, etxegabetzeak gelditzea eta etxebizitzen prezioak jaistea.
Grebari begira Euskal Herri guztian etxebizitza asanbladak antolatu dituzue, eta jada lanean zabiltzate. Esaterako, Andoainen.
Andoainen egindako asanbladaren balorazio positiboa egiten dugu. Ikusi dugu etxebizitzaren arazoak kezka sortzen duela herrian, eta badagoela gaiarekiko interesa eta horren inguruan antolatzeko prest dagoen jendea.
Asanbladak aukera eman digu grebaren aldarrikapenak ezagutarazteko, herriko egoera eta arazo zehatzak partekatzeko eta antolakuntzan urratsak emateko.