“Andoaingo Parrokiak” argitalpena kaleratu dute

“Andoaingo Parrokiak” izeneko argitalpena maiztasunez kaleratuko dutela adierazi dute Andoaingo parrokien arduradunek. “Andoaingo hiru parrokien (Santa Krutz eta Goikoplazako San Martin eta Sorabillako San Martin) eta kristau elkartearen arteko komunikaziorako tresna” izango dela gaineratu dute.

Pastoralen gogoetak ez ezik, Andoaingo kristau komunitateak urtean barrena burutzen dituen hainbat ekintzen (Caritas, katekesia, ospakizunak, ekonomia...) gaineko albisteak bilduko ditu argitalpenak.

Urriaren 25an kaleratu zuten lehenbiziko zenbakia, lau orrialdekoa, eta bertan, besteak beste, Elizbarrutiko sinodoa, liturgia, Caritas, katekesia eta ekonomia ditu aztergai.

Elizkizunetan edota Goikoplazako erretoretxean eskura daiteke argitalpenaren ale bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!