Andoni Alvarez, EH Bilduren alkategaia

4 urteko zikloa bete eta beste 4 urte gehiago alkate izateko eskaera luzatu dio EH Bilduk egungo Andoaingo alkate Andoni Alvarez Leteri. Ezusteri ezean, 2027-2031 ziklo politikorako bera izango da EH Bilduko alkategaia.

“Azken urteetan alkatetzan egindako lan sakona aitortu eta horri segida emateko apustua egin du EH Bilduk. Hala, Andoaingo Mahai Politikoak Andoni Alvarez Lete proposatu du berriz ere hurrengo maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izateko”. Lerro horiekin abiatu da koalizio subiranistaren prentsa-oharra, hedabideei helarazitakoa.

2019an eta 2023an nagusitasun handiz garaitu zen Alvarez zerrendaburu den hautes-zerrenda. Hautagai izan zen lehen aldian, PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien akordioarei esker, Lainez izan zen alkate. 2023an, berriz, EH Bilduk hartu zuen gidaritza politikoa Andoaingo udalean. 4 urte agintean aritu eta gero, bigarren zikloa betetzeko prest dago egungo alkatea: “herritarrak erdigunean, euren eguneroko bizitza hobetzea eta erraztea izan dira udal gobernu honen egiteko nagusiak; agintaldiak, ordea, lau urte besterik ez ditu, eta beharrezkoa da abiatutako bide horri segida ematea 2027tik harago ere”. Alvarezek lan hori "ezin hobeto" gidatu dezakeela uste du Andoaingo Mahai Politikoak.

Asteazken iluntzean herri batzarra deitu zuen EH Bilduk eta bertan abiatu zuen 2027-2031 agintaldian aurrera eraman nahiko lukeen programaren osaketa: "herri batzarrean ezarri dira horretarako oinarriak, eta datozen hilabeteetan garatuko du, Andoaingo norbanako, herritar, talde, elkarteekin batera. Horrela ulertzen duelako bere egitekoa EH Bilduk: komunitatean, eskuz esku, elkarlanean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!