Munduko txapelketatik itzuli da Julen Loidi

Pozez txoratzen itzuli da Julen Loidi Argentinatik, Munduko Euskal Pilota Txapelketan Euskal Selekzioa ordezkatu eta gero.

Nahiz eta finalera iristeko aukerarik ez eduki, Ameriketan bizitutako esperientzia betirako geratzen den horietako izan dela aitortu du Gazteleku Pilota Klubeko kideak, Andoainera itzuli berritan.

Kurpil Kirolak taldeko Unai Sagarzazu irundarrak eta biek gomazko paletan, 30 metroko frontoiko modalitatean ordezkatu zuten Euskal Selekzioa. Hiru partidu jokatu zituzten, Mexiko, Frantzia eta Peruren aurka; bi lehenbizikoak galdu egin zituzten eta hirugarrena irabazi. Ezin izan zuten sailkapen fasea gainditu, baina hiru partiduetan aurrekariei gogor ekin izanagatik asebeteta itzuli dira biak ere, Loidik adierazi duenez.

Julen Loidi eta Unai Sagarzazu, Edu Lobato prestatzailearekin (Argazkia: Ander Elordui)

Neurri bereziko frontoian, hiru setetan 15 tantotara jokatzearen sistemarekin eta bote asko eta pisu gutxiko pilota motelekin jokatu behar izan dute Argentinan, eta nahiko ezezagunak zaizkien ezaugarri horietara nahiko txukun moldatu direla zehaztu du Loidik.   

Loidi, Peruko ordezkariaren aurka, txapelketako azken partiduan (Argazkia: Ander Elordui)

Euskadi lehen aldiz lehiaketa ofizialetan

41 pilotarik osatu dute euskal espedizioa, eta 22 modalitateetatik 15etan lehiatu da. Pozik egoteko moduko emaitzak lortu ditu Euskadik, hamabi domina eskuratuta: urrezkoak lau, zilarrezkoak zazpi eta brontzezkoa bat. Hirugarren izan da sailkapen nagusian; Espainia lehena, eta Argentina hirugarrena.

Nolanahi ere, kirol emaitzen gainetik, Euskadi, ofizialki, herrialdeen arteko txapelketa nagusian lehen aldiz lehiatu izana da azpimarragarriena. Txapelketak iraun duen bi asteetan, harmailetan, Euskadiren kamiseta berdea eta bere aldeko oihuak nagusitu direla esan du Loidik. Euskadiko selekzioa ordezkatzeak sortutako harrotasuna nabarmen transmititu dela txapelketak iraun duen bi asteetan, gehitu du Gaztelekuko pilotariak.

Euskadiko selekzioa osatu duten pilotari guztiak beren prestatzaileekin (Argazkia: Ander Elordui)

Azken batean, Argentinan eta Uruguain txapelketan izan diren pilotari, entrenatzaile, federazioko ordezkari eta zaletuentzat, ofizialtasunez lehendabiziko aldiz jokatu ahal izatea izan da garaipenik handiena.

Sasoi betean segitzen du Loidik frontoietan, izan maila ofizialekoetan, izan herrikoietan, 37 urterekin. Berriro ere erakutsi du modalitate desberdinetara moldatzeko daukan erraztasuna eta kemena, eta zergatik ez, Bilbon lau urte barru jokatuko den Munduko txapelketan parte hartzera iritsi liteke. Denborak esan beza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!