Hamarkadatan zenbatu behar da Andoaingo Gaztetxearen ibilbidea. Kale Nagusian, lehenik, eta Aita Larramendi kalean, gerora, gizarte eragileen eta musikazaleen erreferentziazko gunea izan da urte hauetan guztietan. Belaunaldiz belaunaldi igaro da espazioaren antolaketa eta, azaroa iristear denean, ospakizunetan murgiltzen dira. 42. urteurrena ospatuko dute 2026an. Aurten ere hitzorduz beteriko egitaraua prestatu dute. Aurten, bereziki, musika proposamenak gailentzen dira. Tartean da Parabellum punk-rock taldea. 1985ean sortu zen Barakaldon eta oraindik ere oholtza gainera igotzen dira. Nostalgikoentzat une gogoangarria izango da.
Urria amaitzen ari denez, igande honetan –azaroak 1– abiatuko da urteurreneko egitaraua. Mendi martxa eta bazkaria iragarrita daude. 28 egunez dozenatik gora musika proposamen entzungo dira. Gailu etxeko taldearekin iritsiko da egitaraua ixteko emanaldia, datorren azaroaren 28an.
Egitaraua
Azaroak 1, igandea: Mendi Martxa eta bazkaria.
Azaroak 6, ostirala: Geminis Big Member.
Azaroak 7, larunbata: Hofe eta Bris.
Azaroak 13, ostirala: Sabdariffa eta DJ AFV.
Azaroak 14, larunbata: Streetwise eta Ostikoka.
Azaroak 20, ostirala: Uto&Kaene (Zilibito Records).
Azaroak 21, larunbata: Parabellum, Mostaza, Karizia, Txarrantxa.
Azaroak 27, ostirala: Tatta&Denso, Txiltxoko.
Azaroak 28, larunbata: Naizpresidente, Gailu, DJ K. Ttipia.
HURBILDUKO DIRENEI, ESKAERA
Andoaingo Gaztetxeak eskaera zuzena egin die asteotan hurbilduko direnei: "Gaztetxea toki autogestionatua da, herriko gazteak gara gaztetxeko ekintzak antolatzen ditugunak elkarlanean. Herritik eta herriarentzat. Giro gutxi dagoen herri honetan alternatiba bat izaten saiatzen gara, kontzertuak, ekintzak edota gaueko giroa jartzen. Gaztetxea disfrutatzeko, dantzatzeko, musika sentitzeko, festa egiteko, libre izateko eta epaitua ez izateko tokia da. Hala izaten segi nahi badugu, zenbait gauza ulertu behar dira. Gure artean bezain beste, inguruko bizilagunei errespetua zor diegu. Horregatik, kontzertuetan eta musika gauetan, gaztetxe ingurutan isiltasuna mantentzea eta ingurua garbi uztea eskatzen dugu. Guri hau kontrolatzea ezinezkoa egiten zaigu, beraz, denok jarri behar dugu gure aldetik. Eskerrik asko".