90 kilometroko ibilbidea eta 3200 metroko desnibela, Leitzaran bailaran barrena

Bart egin da "Leitzaran Divide" mendi lasterketaren lehen edizioa. 

Ivan Rota partaideetakoa da eta Instagramen xehetasunez beteriko kronika argitara eman du. Honatx, bere hitzak:

"Lagun batek animatuta, ia pentsatu gabe eman nuen izena proba honetan. Banekien sufrituko nuela, baina zeharkatutako parajeek benetan merezi izan dute esfortzua.

Ibilbideak bere lehenengo edizioan, Leitzaraneko isurialdeen banalerroa jarraitzea zuen xede. Hala, Otietako parkean hasita, Adarra mendia inguratu eta mendilerroa Mandoegirantz jarraitu dugu. Esango nuke lehenengo 30 kilometroetan igo besterik ez dugula egin!!

Leitzalarreara jaitsi ondoren, Iguzkiko Muinoa mendia zeharkatu behar izan dugu. Han genuen lagun Aitor Sarasola anoa postuan gu ondo hornitzeko zain. Mila esker txo!

Beste jaitsiera baten ondoren, Kornietako aerosorgailuak zeharkatu ditugu. Hemen hasi naiz benetan sufritzen... Eta oraindik erdia baino gehiago faltan genuen. Eskerrak bidelaguna egin dudala hasieratik eta bata besteari lagunduz gindoazela. Gorritiko Berekoetxea jatetxean bigarren hornidura genuen zain: salda, txorizo pintxoa eta edaria, ufa!

Ibilbide gorabeheratsua jarraituz, Larre mendira iritsi gara ondoren, eta aurrerago porteo batek Belabietara igo gaitu; zelako ikuspegia! Azken kilometroak, "jaitsiera" izan arren, borrokatu beharra zeuden. Ur kanal bat segituz, Unanibia zubi famatua gurutzatuz eman diogu amaiera ibilbideari antolakuntzako lagunen txaloen artean. Mila esker! Ederra antolatu duzue.

Eta eguna borobiltzeko, babarrunak sakramentuekin beste gauza askoren artean, bizikleta garbitzeko aukera eta dutxa!! Ikaragarria izan da, mila esker Leitzaran Divide!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!