“Menopausia”
Menopausiari buruz artikulu sorta HIRUKA hedabidean
Egileak: Izaro Garcia eta Ander Zarraga
Odola agertzea eta desagertzea, loa galtzea, loditzea, norbera ez ezagutzea, ingurukoek ez ulertzea, laino sendo baten gatibu bizi zaren arren egun normal bat performatzea, eta abar luzea. Hara hor, gerlak ez bezala, «emakumeen gauzak», estigma eta tabuekin ondo tapatuta ezabatu nahi izan direnak. Beroaldi eta haserrealdi batzuk estaltzeko tradizioa amaitzea deliberatzen den arte. Erabaki editorial horixe hartuta, Hirukak lehen lerrora ekarri du menopausia; ez edozelan, gainera, 2026ko apirileko hilabetekariaren azala ere eskainita.
Emakume orok bere bizi garai goiztiar edota berantiarrean berdin, baitezpada, nabigatzen duen aldaketen zurrunbiloari lotutakoa da paperezko alearen erreportaje nagusia. Gaia sakonago jorratzeko, berriz, lau elkarrizketa eta kale-inkesta bat ere argitaratu dira webgunean, menopausiaren inguruko errealitateak, bizipenak eta ondorio sozial zein pertsonalak aletzeko psikologo, sexologo, fisioterapeuta, emagin, ginekologo eta herritarren ahotsekin. Iturri eta ikuspegi anitzak eta informazio erabilgaria. Hara hemen, Uribe kostatik landutako tokiko kalitatezko kazetaritza.
Migrazio krisia: Ceutako auzia
BERRIA hedabidean argitaratutako artikuluak eta bideoak
Egilea: Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko udan Ceutan bizi izan zuen migrazio krisiari buruzko erreportaje sorta honek errealitate konplexu bati begirada zabal eta beharrezkoa eskaintzen dio. Testuek Espainiak Afrikan duten plaza horretan uda honetan gertatutakoa aintzat hartzen du: Marokotik harako hamarka mila jenderen sarrera, hortik aurrerako egoera, adingabeen babesik eza, bertako herritarrek antolatutako elkartasunezko sareak, hiriaren nolakoa edo bereziki emakume etorkinek bizi duten egoera latza. Artikuluak ez dira larrialdia deskribatzera mugatzen, honaino iristeko zantzuak emateaz gain, etorkizunari buruzko galderak ere planteatzen ditu: zer gertatuko den iritsi diren pertsona horiekin guztiekin, nola erantzun duten eta nola erantzungo erakundeek eta zer ondorio izango dituen migraziozko krisi honek bertakoen elkarbizitzan.
Kasu honetan Aitor Garmendia Etxeberriak egindako erreportajeok gogoratzen digute, fenomeno bat-bateko bat atzemateko orduan, guztia goitik eginda ematen zaigun garai honetan berriemaile bereziek egin dezaketen lanaren garrantzia: bere presentziak ahots, egoera eta ikuspegi anitzak elkartzea ahalbidetzen ditu, dena delako krisiaren dimentsio humanoa ulertzen lagunduta eta eztabaida publikora ekarrita.
Oldarraldia ikerketa
ARGIA
Egilea: Zigor Olabarria Oleaga
Azken urteetan, EAEko postu publikoetarako hizkuntza eskaeren kontrako erabakiak hartzen dituzte epaileek. “Oldarraldi judizial” horren atzean dagoenaz ikertu du Argia astekariko Zigor Olabarria kazetariak. Hiru urteko ikerketa zorrotzari esker eta kontraste lanak iturri askorekin egin ondoren, Errenteriako Udalaren lan deialdiaren kasua azterturik, kazetariak frogatu du helegite horien atzean pertsona eta talde antolatuak daudela. Ikerketa kazetaritzaren adibide garbi bat da honakoa, aurretik euskal gizartean zabalduta zegoen kezka bati erantzun diona.
Dudarik gabe, hiru ataletan argitaratu den erreportajeak inpaktu handia izan du Euskal Herrian. Erreportajeak eztabaida biziak eragin zituen, eta gainerako hedabideetako gai nagusi bihurtu zen hainbat egunez, eta arduradun politikoen, sindikatuen, alderdi politikoen, erakundeen, elkarteen eta jendearen ahotan ibili zen. Euskararen kontrako neurriak eta diskurtsoak zabaltzen ari diren garaian, Argiaren erreportaje sorta bezalakoak funtsezkoak dira, laguntzen dutelako auziaren sakontasuna ulertzen eta hariak mugitzen dituztenak identifikatzen. Euskararen etorkizunaren eztabaidarako ezinbestez jakin beharreko informazioa dago hor.
“Lourdes Iriondo, Ez gara alferrik pasako” dokumentala
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez
Gidoia: Idoia Garzes
Ekoizpena: Maluta Films
Obra honek ikerketa dokumental zorrotza, memoria historikoaren berreskurapena, ikuspegi kritikoa eta balio sozial handiko gai baten trataera uztartzen ditu, gizartearentzat esanguratsuak diren istorioak berreskuratzen eta haien dimentsioa modu argigarrian azaltzen. Lourdes Iriondoren figurara hurbiltzea, dokumentalak ohiko biografia baten mugak gainditzen ditu. Euskal kulturaren historian funtsezko ekarpena egin zuen emakume baten ibilbidea berrikusten du, haren lana testuinguru historiko, sozial eta kultural zabalago batean kokatuz. Artxiboko irudiak, grabazio historikoak eta hainbat aditu, senide eta kulturgileren lekukotzat uztartuz, kontakizun kontrastatua, sinesgarria eta aberatsa eraikitzen du.
Era berean, dokumentalak ikuspegi kritiko eta garaikidea eskaintzen du, emakumeek kulturan eta historian izan duten presentziaren aitortzari buruzko gogoeta planteatuz. Lourdesen ahotsa, pentsamendua eta konpromisoa gaur egungo belaunaldietara ekarriz, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi sendoa eraikitzen du.
KOMUNIKAZIO SARIA
Euskal Herriko historia 100 objektutan
Euskal Wikipedia
Euskal Herriko historia objektuen bidez kontatzeko helburuarekin, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua da 'Euskal Herriko historia 100 objektutan'. Museo eta unibertsitateetako adituekin elkarlanean hautatutako 100 objekturen bidez Euskal Herriko historia azaltzen duen proiektu integrala da, hainbat formatutan argitaratuta: besteak beste, eduki interaktiboa, komikia eta BERRIArekin batera ekoitzi eta astero zabaldutako podcasta, hamar idazlek idatzitako gidoiekin.
Proiektu honek euskararen mundua objektu fisiko eta materialak abiapuntu hartuta, hainbat formatutan landu eta tradizionalki museoetan bildutako narratiba historikoak ekarri ditu digitalera, bidean Wikipediako artikuluak, artikuluen audio bertsioak, Ikusgelako bideoak eta EWKEren ekosistemako baliabideak ere elikatuz, euskarazko eta Euskal Herriko jakintza libreari ekarpen landua eginez.
Argiz(H)ari podcasta
Euskal Irratiak, Iparraldeko euskarazko irratien sarea
Egileak: Pantxix Bidart Pla eta Marie Hirigoyen
Euskal Herriko soinu-memoria berreskuratu eta ezagutarazteko helburu du Marie Hirigoyen-Bidart etnomusikologoak eta Pantxix Bidart musikari-kantari-sortzaileak ondu Argiz(H)ari irratsaioak. Thomas Edisonen (1847-1931) fonografoaren aurkikuntzari esker, 1900eko Pariseko Erakusketa Unibertsalean agertu ziren Euskal Herriko lehen soinu-artxiboak, Azoulay medikuaren eskutik.
Euskal Irratien uhinetan eskaini podcast honetan, artxibo horien epopeia berriz bizitzea proposatzen digu bikoteak, bereziki 1947an Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral ikertzaileek egin zuten bilketan barna.
Argiz(H)ari saio bakoitzak artxiboetako zilindro eta biniloetan gordeak diren ahots, kantu eta hotsen bidez, garai hartako pertsonak, gertakariak eta bizimoduak ezagutzeko parada ematen du. Astez aste, gure aitzinekoen mundura hurbiltzen gaituzte. Orratzek argizarian utzitako arrastoak entzunez, ahaztuak diren historiak berpiztuz eta Euskal Herriaren memoria kolektiboa partekatuz.
ni.eus
Sustatzaileak: Puntu Eus Fundazioa, Iametza, Azkue Fundazioa
Euskarazko posta eta hodeia eskaintzen duen zerbitzua da ni.eus, Iametzak, PuntuEUS fundazioak eta Azkue fundazioak bultzatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Posta elektronikoa, fitxategiak gorde eta editatu, eta egutegia zein kontaktuak kudeatzeko aukera ematen du doan. 2020an sortu bazen ere, 2026an Nextcloud software libreko plataforman oinarrituta bertsio-berritu da. Egun 7.000 erabiltzaile baino gehiago du.
Digitalitatearen bilakaera abiadura oso handian gertatzen da eta, zentzu horretan, irudi lezake posta eta hodeia eskaintzen dituen zerbitzu bat ez dela bereziki berritzailea. Aitzitik, posta elektronikoa Interneten aritzeko identitate-puntu funtsezkoenetakoa da, eta hodeia egunerokoan erabiltzen dugun oinarrizko zerbitzu bat. Aldi berean, ia esklusiboki helburu komertzial eta estraktibistekin merkaturatzen dira zerbitzu hauek. Zentzu horretan, ni.eus-ek eremu digitalean euskaraz aritu eta aurkezteko gabezia historikoari erantzuten dio eta digitalean ere euskaraz bizitzeko funtsezko baliabidea eskaintzen du.
LATXA txatbota
Sustatzailea: HITZ Zentroa
Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz bilakuntza zentroak IKER-GAITU proiektuaren baitan garatu euskal hizkuntza eta kulturan espezializaturiko hizkuntza eredu iturri-irekietan bermatzen den hizkuntza mota bat da Latxa. Bi interfazetan banatzen da: txatbot delakoa bera eta linean funtzionatzen duen elkarrizketa plataforma.
Bere elikadura edo hazkurri alorra euskaraz ekoitziriko lau milioi dokumenturen zurrunbiloan bermatzen eta hedatzen da, interfazeak testuak sortzen ahal ditu, gainerako hizkuntzetatik euskararako itzulpenak egin ditzake, bai eta kode informatikoak zehazten edota laburbiltzen ahal ditu halaber.
Urririk da, azken hobekuntzen arabera erregistratu behar da eta mugaren bi aldeetan balia daiteke Latxa, Latxa-HiTZ portalean sartuz bereziki. Euskaraz erantzuten dizuten beste AA baliabideen antzera funtzionatzen du. Gure hizkuntzaren panorama numerikoan tresna bat gehiago daukagu euskararen faboretan.