Ana Iriarte eta Iñaki Bengoetxea - Baztango Xurie
2013an, langabezian egon ostean, Baztanen bizitzea eta bertan lan egitea erabaki zenuten. Nolakoa izan zen erabaki hori hartu eta proiektua abian jarri zeneko lehen urrats hura?
Buruan bueltaka dabilenetik pausoa eman arte denbora igarotzen da, eta lehenbiziko gauza da geure buruan ikustea baietz, pauso hori eman nahi dugula eta geure burua konbentzitzea. Gero, kontua da guk lurrik ez genuela, orduan lurra bilatu behar izan genuen eta baita abentura burokratiko guztia egin ere, baimenak eta beste.
Abeltzaintza nagusi den eskualde batean, mendi-ardogintza atlantikoari eta laborantza ekologikoari bide anitza ireki diozue. Zer esanahi du zuentzat ziklo osoa bertan gauzatzeak?
Nafarroako Kantauri isuri aldean ez dago mahastigintzarik, abeltzaintza da nagusi. Nafarroan mahastigintza ematen da mediterraneoko isuri aldean. Baina Euskal Herrian badugu Kantauri isurialdean egiten den mahastigintza, baditugu Irulegi eta Baigorri inguruetako mahastiak eta ardoak, baita txakolina bera ere. Beraz, esperientzia horiek bazeuden eta guk horietatik aunitz ikasi genuen. Horrelako gauza bat aitzinetara atera ahal izateko eta ekonomikoki ere bideragarria izan dadin, beharrezkoa zen guk ziklo osoa egitea. Horrek aukera ematen dizu prozesu guztiak zuk kontrolatzeko. Mahastia landatu nahi genuen, gero herriko upategi txiki batean mahats hori eraldatu eta ardotu ahal izateko.
Ardo naturala egiteko bidea hartu duzue. Nola lortzen da mahats bakoitzaren nortasuna eta lurraren esentzia ardoan islatzea?
Badira ardo erabat industrialak, eta beste bide bat ardo naturalarena da. Azkenean, ardo naturalaren zentzua da, aunitzetan erraten den moduan, mahastitik upategira mahats ona ekartzea. Gero, mahats horri bere bidea egiten utzi eta hanka ez sartzea. Ardo industrialaren kasuan, urtero berdina ekoizten dute, parametro zehatzak dituzte. Hemen, ardo naturalean, berriz, urte bakoitza desberdina da klima aldetik, eta, horren eraginez, lurra ere bai. Orduan ardoak ere desberdinak ateratzen dira urtez urte. Baztanen egiten dugun mahatsak ardoari bere ezaugarriak ematean datza.
Biba Ardoak kooperatibaren Baztango zaporeak elkartearen parte zarete. Zer garrantzia du zuentzat herri-ekimen eta egitasmo kolektibo hauetan parte hartzeak?
Baztango zaporeak hemengo bailaran giza ekoizpenaren neurriko egiten ditugun hainbat ekoizleren elkartea da. Biba Ardoak Euskal Herria osoko mahastizain eta ardogile ekologikoen banaketa-kooperatiba da. Horrelako ekimenek garrantzia handia dute saretze lan handia egiten delako; beste ardogile eta ekoizleekin harremanetan jartzen zaitu. Gizarteratzeko orduan ere garrantzia handia du. Jendeari ekoizteko modu desberdinak daudela helarazteko eta horietako bakoitzak duen garrantzia adierazteko. Batzen gaituena da lurrari lotutako ekoizpenak, giza neurriko proiektuak izatea, eta arduratsuak izatea hor lanean ari den jendearekiko, kontsumitzailearekiko, zein inguru natural eta sozialarekiko ere.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.