Bi Banda, eszenatoki bera

Bi bandetako kideak elkarrekin, Altsasun urriaren 31n

Sakanako Haize Berriak Bandak eta Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak elkarrekin joko dute Basteron, igandean, 12:30etik aurrera. Oraindik geratzen dira gonbidapenak, eta interesa duenak Basteroko harreran jaso beharko ditu.

Jada Altsasun, urriaren 31n elkar hartuta egin zuten kontzertua bi bandek, Iortia kulturgunean. Zenbait entseguetan landutako kantutegi erakargarria interpretatu zuten, eta entzuleek txalo zaparrada beroarekin eskertu zieten.

Sakanako Bandako Josune Etxebeste zuzendariak eta Andoaingo Bandako Mikel Emezabal zuzendariak gidatuko dute Basteroko emanaldia, Altsasun egin zuten moduan.

 

Bi banden uztartze erakargarria

Altsasuko emanaldia iragartzeko oharrean zabaldu zutenez, “bi pertsonaren arteko urteetako adiskidetasunetik abiatuta, musikariak eta herriak musikaren bidez elkartu” nahi izan dira bi emanaldiekin. Hain zuzen, bi zuzendariak dira aipatzen diren bi pertsona horiek. Klarinete-joleak izanik biak ere, instrumentu horren bidez izan zuten elkarren ezagutza halako batean.

Bizipen polita gertatzen ari dela bi banden uztartzea aitortu du Emezabalek. Musikariak elkar ezagutzea, zaletasun berbera partekatzea, elkarrekin jotzea... beti da aberasgarria”.

Horrelako formatu partekatuaren bidez “musikarekin elkarrekin gozatzen” dela, eta gainera, erakusten dela “adiskidetasun batek zenbat lotura sor ditzakeen pertsonen, musikaren eta herrien artean”, gaineratu du Emezabalek.

“Laguntasuna, musika eta elkartasuna ospatzeko kontzertua” eskaintzeko igo zirela Iortia kulturguneko oholtzara adierazi zieten Sakana bailarako entzuleei bi bandek urriaren 31n, eta filosofia horri helduko diote Basteron ere.

 

Kantutegi anitza

Bost piezek osatuko dute emanaldia:

* Highlihts from La La Land (Mold. Michael Brown).

* Costa Banca (Manuel Lillo).

* Basque Rhapsody (Melvin Shelton).

* Mar i Bel (Ferrer Ferran).

* Coco (Mold. Eduardo Moreno).

Bostak ere musikazaleen gozagarri izango direla azpimarratu du Emezabalek. Guztien artean, beharbada, Basque Rhapsody egiten da deigarriena. Melvin L. Shelton konpositore estatubatuarrak sortu zuen 1999an, eta euskal migrazioak Idahoko estatuan duen eragin kulturala izan zuen inspirazio-iturri orduan. 24 urtez Boise State Universityn (BSU) banda-zuzendari eta musika-irakasle izan zen. Bitxikeri gisa, esan behar da piezan barrena, uneren batean, Agur Jaunak abestiaren oihartzuna suma daitekeela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!