Lorena Mompel eta Ione Andia - Gukalde

Azaroaren 14an Andoainen Euskal Herriko ekoizpena sustatzeko azoka antolatu dute. Lorena Mompelek eta Ione Andiak kontserba ezberdinak ekarriko dituzte.

Lorena Mompel eta Ione Andia  - Gukalde

Nafarroako herri txiki batetik eta despopulatzeko arrisku handia duen lurralde batetik abiatzen da zuen proiektua. Nolakoa da landa-eremuan eta lurraldearekin zuzenean konektatuta bizitzearen eta lan egitearen egunerokoa? 

Polita bezain gogorra. Hemen bizi eta lan egiteko apustua egin genuen, zonalde honi bizia emateko asmoz. Lurrarekin kontaktua zuen alor batean lan egin nahi genuen, ingurune honetan ere sareak ehundu eta lurra garatzeko. Batzuetan kosta egiten da, hemen ez baitago esaterako Ordizian bezalako ohitura azoketan erosteko; hango salmenta oso desberdina da. Hala ere, pozik gaude hartutako erabakiarekin eta geroz eta gehiago ezagutzen gaitu zonaldeko jendeak. Hor goaz, poliki-poliki.

Zer erronka eta zer alderdi positibo nabarmenduko zenituzkete eredu agroekologiko eta txiki bati eusteaz egungo testuinguruan?

Hasteko, gure txikiarekin egon gaitezke nahiko presente, eta gure ordutegiak berarekin egon ahal izateko molda ditzakegu. Zaintza munduan orokorrean lan eredu honek beste batzuek baino gehiago laguntzen dute ardura horietan. Egia da prekarietate handia dagoela; ez daukazu soldata finkorik eta lan handia egin behar duzu soldata jasotzeko. Baina guretzako oso garrantzitsua da zaintzan egon ahal izatea, hori baita guztiaren oinarria. Gainera, proiektu kolektibo baten barruan gaude, eta horrek ere ematen dizkigu hainbat erraztasun. Erabiltzen dugun espazioa kolektiboa da, eta orduan espazio horren erabilpena lagapen baten bidez daukagu, modu merkeago batean erabili ahal izateko. Horri guztiari esker lortu ahal izan ditugu erabiltzen ditugun makineriak. 

Zein garrantzia du kontsumitzailearengana zuzenean iristeak eta bertako azoketan parte hartzeak, adibidez Andoaingoan?

Garrantzia handia du gu geu garelako kontsumitzailearen aurrean gaudenak. Gure bizipen horretatik konta diezaiekegu zer-nolako produktua dugun, ez bakarrik ontzi barruan dagoena, baizik eta nondik datorren eta guk erabiltzen dugun kozinatzeko artisau modua. Horrekin batera, gure balioak ere konta diezazkiekegu. Denda batean produktu bat ikusten baduzu ez dakizu zer dagoen horren atzean, kontsumitzailearekin egonda, berriz, horren atzean dagoena konta diezaiokezu eta gertutasun hori eduki.  Horregatik gustuko dugu azoketara joatea. Gainera, sentitzen dugu gurea ez dela produktu agroekologiko soila, bultzatzen ditugun balioek ere definitzen gaituzte.

Zein da gehien nabarmentzen den produktua zuen eskarien artean?

Marmeladak asko saltzen dira, eta batez ere paraguaio marmelada bai dela kuriositate handia sortzen duena. Txitxirioak ere asko saltzen dira, hainbat orduz egitea kostatzen den hori ontzi batean kontsumitzeko moduan baldin badago, asko eskertzen da. Gu Artiedan gaude eta, Arripodas, hemen ondoko herri bateko ekoizle bati erosten dizkiogu txitxirioak. Produktu berriekin ere probak egiten dihardugu.

Produktuak ekoitzi eta saltzen ditugu, bisitak eta tailerrak antolatzen ditugu, eta horrez gain, Makila zerbitzua dugu. Hori adibidez kiwiarekin asko egiten dugu. Badago Baztanen kiwi proiektu bat. Zati bat guk marmelada egin dezagun saltzen digute, eta beste zati batekin beraiek kiwia ekartzen digute eta zer-nolako marmelada nahi duten esaten digute, guk ekoitzi eta haiek saltzeko.

Elikagaiak ekoizteaz gain, ingurumen-hezitzaileak ere bazarete, eta tailerrak, dinamizazioak edo lantegirako bisitak eskaintzen dituzue.

Oso erantzun ona izaten dute. Jaso ditugun bisita taldeak oso pozik geratu dira. Esaterako, Irunberriko ikastolakoak etorri ziren eta ginkana bat egin genuen baratza osotik, eta horren ostean, gure lantegia erakutsi eta egiten duguna kontatu genien.

Gu ere pozik gaude taldeak hona ekartzearekin, haiek ere ikus dezaten non gauden eta zer egiten dugun, hori da gu geu ezagutzeko modurik gertukoena eta politena. Tailerrei dagokienez, kontserben inguruko tailer batzuk egiten hasi gara, eta harrera ona ari dira edukitzen. Euskaraz ere hainbat tailer sustatu nahi ditugu.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago  Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!