Aitor Aranburu eta Judit Gartzia  - Behieko gazta

Azaroaren 14an Andoainen Euskal Herriko ekoizpena sustatzeko azoka antolatu dute. 14 postutan erosteko aukera egongo da, haietako batzuek euren ekoizpenei buruz hitz egin digute. Aitor Aranburu eta Judit Gartziak postua jarri dute esnekiekin

 

Aitor Aranburu eta Judit Gartzia  - Behieko gazta

Zer dela eta hasi zineten produktu ekologikoak ekoizten eta zuen inguruan saltzen?

Etxe honetan esne-behiak daude aspaldidanik. Ni neroni dedikazio osoz hasi nintzela 17 urte dira. Baina lehenago ere kanpoan lana egiten nuenean egun erdiz edo hemen ibiltzen nintzen. 

Etxetik jaso genuena ere hala izan zen: ganaduak larrean, botikarik gabea, baratzean ere ez genuen kimikorik erabiltzen… Orduan, ekologikora pasatzea nahiko gauza naturala izan zen. Kimikorik gabeko pentsua aldatu behar izan genuen, baina eredu-aldaketarik ez zen egon. Gurasoengandik jasotakoa egin genuen.

Salmenta zuzena eta herritarrekiko harremana lehenesten dituzue kontsumo-taldeen, tokiko denden eta kooperatiben bidez. Zer erantzun jasotzen duzue zuzeneko harreman horretan?

Jendeak asko eskertzen du aukera hori izatea eta produktu ekologikoak edukitzea. Gure asmoa inoiz ez da izan elitista den zerbait egitea, baizik eta inguruko guztientzako produktu sano, goxo eta eskuragarria egitea. Guretzako harreman hori ekonomikoki ere garrantzitsua da. Gainera, eroslea izen-abizenekin ezagutzen duzu, badakizu nor den eta berak ere eskertzen dizu, eta horrek asko asebetetzen gaitu.

Beste baserriekin kooperatzen duzue. Zer garrantzia du zuen artean sarea osatzeak?

Erabateko garrantzia du. Produktu guztiekin osatzen dugu sarea. Jogurta eta esnea egiten dituzten beste baserri batzuekin marka bat partekatzen dugu. Haragiekin ere, Goierrin ekologikoki aritzen garenon sarea dugu. Horrek, esaterako, Oronako jatetxeari haragia serbitzea ahalbidetzen digu. Barazki zaleekin ere Goierriko kontsumo taldeekin batera aritzen gara. Sare horrek ekoizleen zein erosleen arteko harreman-sarea osatzea ahalbidetzen digu. Elkarri sostengua ematen diogu, arazoren bat dugunean ere elkarri laguntzeko. Baserri munduan geroz eta isolatuago geratzen zara bestela.

Eredu agroekologikoaren eta produkzio ekologikoaren aldeko apustua egiten duzue. 

Bai, dudarik gabe. Nekazaritza-sektorea asko ari da aldatzen azkeneko urteetan norabide industrialerantz, eta eredu ekologikoa horren alternatiba da. Etorkizunean jendeak itxurazko janaria jango badu, bide honetatik izango da. Sektore estrategiko bat da, askotan duen garrantzia ematen ez zaiona. Baserritar gehiago behar ditugu, lana txukun egingo dutenak, eta, noski, modu agroekologikoan.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago  Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!