Gipuzkoan Gazte Tour Andoainera iritsiko da asteburu honetan

Azaroaren 6an eta 7an egingo den programazioak DJ Telmo Trenorren masterclass bat eta Bastero Kulturgunean kontzertuak eskainiko ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak hainbat udalerri eta kultura-eragilerekin elkarlanean bultzatutako Gipuzkoan Gazte Tour (GGT) ekimena Andoainera iritsiko da asteburu honetan, gazteentzako musikari eta sormen artistikoari eskainitako bi jardunaldirekin.

Gipuzkoan Gazte Tour-en helburua musika eta arte eszenikoak Gipuzkoako nerabe eta gazteei hurbiltzea da, topaketarako, parte hartzerako eta kultura-adierazpenerako espazioak eskainiz.

Programazioa azaroaren 6an, ostirala, hasiko da, 18:00etan, Andoaingo Gaztelekuan, DJ Telmo Trenorrek eskainiko duen masterclassarekin. Bertan, parte-hartzaileek musika elektronikoaren mundua gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita musika-hautaketa, nahasketa-teknikak eta saio baten prestaketa bezalako alderdi praktikoak lantzeko ere. Jarduera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Larunbatean, azaroaren 7an, Bastero Kulturgunean Ben Yart, DJ Nerea eta Oihane Ulangaren emanaldiak hartuko ditu. Ben Yart artista nafarrak, bere hastapenetan Chill Mafia kolektiboarekin lotuta egon zenak, hip-hopa, trapa eta bestelako soinu urbanoak uztartzen dituen bere musika-proposamen berezia eskainiko du. Harekin batera, DJ Nerea eta Oihane Ulanga artista andoaindarra arituko dira.

Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapen eta Gazteria zuzendariaren esanetan, "Gipuzkoan Gazte Tour aukera bat da kultura gazteei hurbiltzeko, topaguneak sortzeko eta gure udalerrietan dagoen talentuari ikusgarritasuna emateko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!