Himalaian mendi gidari gisa bizi da Aitor Iginitz Oiartzabal, azken urtetan. Bizikleta albo batera utzi samar daukala dirudi, izan ere, gogoan hartu behar da 2006ko urrian mendebaldeko bizi-baldintza erosoak alde batera utzi eta nola heldu zion, munduan barrena, helmugarik gabeko ibilaldiari.
Orotara, 18 urte egin zituen bidaiari gisa eta denbora tarte horretan Europa, Asia, Afrika, Amerika eta Ozeaniako 70 herrialde zeharkatu zituen. 140 milatik gora kilometro egin eta munduari hiru bira eta erdi egin ostean, 2024an, Himalaiako lurretan errotu bota behar zuela erabaki zuen. Himalaian trekking-gidaria da geroztik.
Besteak beste, Nepalen, Himalaia mendikatean kokatzen den Manaslu mendiaren parajeetan zeharkaldia prestatu ohi du. Munduko zortzigarren mendirik garaiena da 8.163 metrorekin, eta guztiz preziatua da mendizaleentzat zeharkaldi hura.
Iginitzek adierazi duenez, “15-16 egun irauten du nik antolatzen dudan ibilaldiak. Bira egiten zaio Manaslu mendi osoari, 160 kilometro inguru egiten dira oinez. Bi bailara zeharkatzen dira, Budhi Gandaki eta Marsyangdi. Horien artean zeharkatzen den lepoa Larkya La da, eta 5.107 metroko garaiera du”.
Gidatu zuen zeharkaldietako batean andoaindarrak izan ziren eta, irudi bidez, esperientzia hura azalduko du aurtengo Mendi Astean.
Manasluko zeharkaldiaren argazki-proiekzioa
Iginitzek aurtengo Aste Santuko bi asteetan gidatu duen azken zeharkaldia izango du oinarri Bastero Kulturgunean, datorren azaroaren 13an. “Mendia eta natura maite dituztenentzat eta gureak ez diren kulturak ezagutzea gogoko dutenentzat” dela egokia azpimarratu du Iginitzek. Bere emanaldietan gai horien inguruan edozein galdera egitera animatu ohi ditu entzuleak, “zabalik nago urte hauetan ikusi eta ikasi dudana besteei transmititzeko”.
Bestalde, emanaldiak arrazoi erantsi bat badaukala erakargarria izateko gaineratu du Iginitzek. Hain zuzen, Andoaingo hiru mendizale, IÒaki Urretabizkaia, Joseba Maiza eta Mikel Maiza izan zituen bidaide orduan.
Manalusko zeharkaldia “esperientzia ezin hobea” dela ziurtatu du Iginitzek. Parte-hartzaileek beren gorputza altuera horietan frogan jartzeko eta ezagutzeko ezin egokia izaten dela ziurtatu du: “ederki ikasten da altuerak ze eragin duen gorputzean, oxigeno falta dela eta”.
Era berean adierazi du hara lehenbiziko aldiz joaten diren mendizaleak “Himalaia mendikate izugarriaren dimentsioez harrituta geratzen” direla, “izan ere, glaziarrak eta mendi tontor erraldoiak aurre-aurrean ditugula egiten baitugu ibilbide osoa”.
Mendizaletasunean sakontzeko ez ezik, Nepalgo herria ezagutzeko aukera ematen duela ibilaldiak gaineratu du andoaindarrak. “Aproposa da bertakoen bizitza eta kultura ezagutzeko, beraien herrietatik igarotzen baikara”.
Gidari gisa urtean hiru trekking egiteko asmoa daukala gogoarazi du Iginitzek. “Aste Santuan lehenbizikoa, Himalaian. Abuztuan, Perura Huayhuasheko trekkinga antolatuko dut. Eta azkenik, azaroan, Everesteko oinarrizko kanpamenduan trekkinga lotuko dut”.
Mendi Astea
Azaroak 13, ostirala
“Manaslun barrena”, Aitor Iginitzen eskutik. Bastero, hitzaldi aretoan, 19:00etan.
Azaroak 17, asteartea
“Nire mugen gainetik”, Josu Merinoren eskutik. Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.
Azaroak 18, asteazkena
Bazkideen batzar orokorra. Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.
Azaroak 19, osteguna
“Baruntse mendiaren deia”, Xiril Alvarezen eskutik. Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.
Azaroak 22, igandea
Mendi irteera (Arano-Oianume) eta bazkaria Oianume jatetxean.