Hona adierazpena osorik:
"Eskola segregazioaren kontra, eskola publiko bakarra denontzat
Andoainen bildu gara gaur Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok gure herrian dugun eskola-segregazio nabarmenaren adibide argia delako. Izan ere, Andoainen erabateko desoreka dago ikastetxe publikoaren eta kontzertatuen artean. Behar sozialak dituzten ikasle edo familia ia guztiak eskola publikoan daude baita atzerritar jatorriko ikasleen gehiengoa ere (hauek eskolako % 67a osatzen dute). Beraz, eskola-desoreka oso larria da eta arriskuan jartzen ditu Andoaingo gizarte-kohesioa, elkarbizitza eta euskalduntzea.
Eta Andoainen bildu gara gaur Andoain herria delako Hezkuntza Sailak irakaskuntza pribatuaren mesedean egiten duen planifikazioaren eta bertako segregazioa konpontzeko duen borondate ezaren adibide argia ere. 2024an Andoainen 64 haur jaio baziren ere, 26/27 ikasturterako ikastetxe pribatuek 75 plaza eskaini dituzte 3 urteko geletarako, jaiotza guztien %117. Gain eskaintza horrek larriki ahultzen du eskola publikoaren bideragarritasuna. Izan ere, Andoaingo eskola publikoak gutxienez 36 plaza (2 lerro) eskaintzeko gaitasuna du, eta plaza horiek ez dira aspalditik betetzen ikastetxe itunduen gain eskaintza horren ondorioz.
Eskola publikoko hezkuntza komunitateak idazki bat bidali dio Arartekoari konponbide bila, egoera hau ez baita eskola publikoaren arazoa, herri osoaren arazoa baizik. Gogoratu nahi ditugu Arartekoak iaz, Ordizia herriaren egoerari buruz Hezkuntza Sailari bidalitako ebazpenaren hitz hauek: "herriko funts publikoekin sostengatutako bi ikastetxeetan orekarik eza nabarmenak jarraitzen du ikasleen banaketan"..."ia sei urte igaro dira, eta egoerak funtsean berdin jarraitzen du". Are gehiago, Hezkuntza Sailak "herriko bi ikastetxeen arteko ikasleen banaketan dagoen desorekan sakontzen lagundu zuten erabakiak" hartu dituela, adierazi zuen.
Jokatuko du berdin Andoainen ere? Jarraituko du ume zaurgarriak sakabanatzen eskolatze orekatua bilatu beharrean? Jarraituko du familien ustezko 'aukeratzeko eskubidea' jartzen gizartearen ongizatearen gainetik? Andoainen eskola publikoaren zerbitzu bat badu, zergatik ez du indartzen? Ezin da ikastetxe itunduetako plazak diru publikoarekin finantzatzen jarraitu beharrezkoak ez direnean, plaza publikoak bete gabe daudenean.
Andoainen bildu gara, bai, baina berdin bildu gintezkeen Santurtzin edo Durangon, Ordizian, Tolosan edo Errenterian, Amurrion edo Oionen, Gasteizen, Bilbon edo Donostian... egoera bera delako, eskola-segregazioa, gure sistemaren ezaugarririk lotsagarriena.
Eta Hezkuntza Sailak bitartean, arazo honek axola diola itxura egiteko, "Eskola bikaina denontzat" izen ponposoa zuen mahaia osatu zuen joan den ikasturtean oso partaidetza desorekatuarekin (sare publikoko eragileek gutxiengo nabarmena zuten), txosten bakarrarekin, eztabaida mugatuarekin eta ondorio hutsalekin. Ekimen honek, gure ustez, Hezkuntza Sailak orain arte egindakoa berrestea eta babestea izan du helburu, baita diru gehiago luzatu ere ikastetxe kontzertatuei inoiz ikusiko ez dugun balizko doakotasuna lortzeko.
Bereziki lotsagarria da "eskola-motxila" delakoa, kontzertatuetara behartuta joan behar duten ikasle zaurgarriak onartzeagatik, ikastetxe horiei emango zaien diru kopurua. Diru publiko gehiago bideratuko zaie segregatzen duten ikastetxeei, legez onartu behar baina onartzen ez dituzten ikasleak hartzeko, mesede hori egin diezaguten, alegia.
Esan dezagun garbi: urte hauetan guztietan hartu diren neurriek ez dute segregazioaren kontra jo, ez diotelako heldu benetako arazoari, gure sistema dual segregatzaileari, hain zuzen. Eskola-segregazioari aurre egiteko, neurri estrukturalak behar dira: eskola-plazak planifikatzeko orduan sare publikoa lehenestea, eta sare pribatuaren plazen gaineskaintza eta kontzertazioa pixkanaka murriztea. Ezinezkoa da berdintasunean heztea diru publikoz sostengatutako sare pribatuak mantenduz, eskola publikoaren kaltetan. Andoainen ikastetxe publiko bakarra balitz, ez litzateke segregaziorik egongo.
Berriki, Jaurlaritzak onartu dituen 2027rako aurrekontuetan, Hezkuntza Sailak igoera nabarmena izango duela jakin dugu. Pedrosa sailburuari galdetu nahi diogu igoera hori portzentualki zehaztu dezala nora joango den, itunpeko sarea mantentzera edo eskola publikoa indartzera eta lehentasuna ematera.
Esan behar dugu ere Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik bat egiten dugula azaroaren 11ko greba deialdiarekin. Egun horretan aldarrikatuko dugun justizia sozialaren adierazletzat hartzen dugu hezkuntza sistema publikoa, eta etxebizitzarako eskubidea urratzeak sektore ahulenak bereziki kaltetzen ditu, gure ikastetxeetan nagusiki eskolatzen diren sektoreak, hain zuzen ere.
Andoaingo herritik salatu nahi dugu gaur Administrazioaren jokaera pribatizatzailea, eta hemen bezala bi sare ezberdin egotearen ondorioz, eskola-segregazio onartezina, diskriminazioa eta ekitatearen kontra jotzen duen egoera hau pairatzen ari diren hezkuntza komunitate guztioi dei egiten diegu beren egoera salatu dezaten".