Abesbatza Txikiak Euskaldiko Orkestrarekin abestuko du, “Logelan Logale” ikuskizunean

Abesbatza Txikia, Katrin Iturralde zuzendariarekin (Argazkia: Udal Musika Eskola)

Katrin Iturraldek zuzentzen duen Udal Musika Eskolako Abesbatza Txikiak Logelan Logale ikuskizunean parte hartuko du hirugarrengo urtez, beste zenbait abesbatzekin eta Euskadiko Orkestrarekin batera. Donostian, Miramonen, azaroaren 13an, ostiralarekin, 11:00etan egingo dute emankizuna.

Logelan logale LHko 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzendutako kantata bat da, Eskola Kontzertuak izeneko proiektuaren baitan. Hain zuzen, Easo Eskolaniak, Amara Berriko ikasleek, eta Hernaniko eta Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatzako ikasleek, Euskadi Orkestrak hainbat Euskal Herriko oholtza partekatuko dituzte.

Zeinu-hizkuntzaren bidez abestuko duten 16 haur gorren parte-hartzea da aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia.

Antolatzaileen hitzetan, musikaren bidez esperientzia inklusiboa sustatzea du helburu proiektuak, “haur guztien parte-hartzea eta musikaz gozatzeko aukera bermatuz”.

Logelan logale, ARTIS+ Artea, gizarteratzeko Europako proiektuaren parte da, eta ikastetxeetan kantu korala bultzatzea du xede.

 

Logelan Logale, errealitatearen eta ametsen artean

Emanaldi horretarako bereziki sortutako obra interpretatzen dute Euskadiko Orkestrak eta gaztetxoen abesbatzek, elkar hartuta.

Hamar abestiez osatutako kantutegia du muinean, kantata erraldoi horrek. Hona hamar abestien izenburuak: Preludioa; Kask-Kask!; Gauaren beltza; Oheko burkoa; Gaueko; Harri, orri, ar; Mamua ote da?; Nire itzala; Hitz jolasak; Ispiluaren aurrean; eta, Logelan Logale.

Hona nola deskribatzen duten Logelan Logale musika emankizuna:

“Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?

Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?

Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!