A11 | Etxebizitzaren aldeko Greba Orokorra

Manifestazioaren amaieran irakurri duten adierazpena

Deitzaileak hainbat sindikatu eta eragile izan badira ere, Etxebizitza Sindikatuko kideek irakurri dute adierazpena.

Adierazpena

"Gaur greba orokor eguna izan da, eta kaleak hartu ditugu etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko. Eskerrik asko mobilizatu zareten guztioi, baita greba orokorra antolatzen modu batera edo bestera lagundu duzuen pertsona eta eta herri mugimenduko kolektiboei ere.

Etxebizitza da langile-klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat. Euskal Herrian argi ikusten dugu hori: prezioek gora egiten dute, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten… Balantzaren alde batean pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna pilatzen dira. Beste aldean, espekulatzaile eta errentista gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak pilatzen dituzte. Etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundeak arrakala sozioekonomikoa zabaltzen ari da gure gizartean: langileriaren zati batek familia ondaretik geratzen zaienari esker egin diezaioke aurre krisiari, baina beste asko dira aukera hori ez dutenak. Arrakala horretatik sartu nahi dute faxismoak eta diskurtso erreakzionarioek, azkenaurrekoa azkenaren aurka jarriz. Baina guk ez dugu hori onartuko.

"Etxebizitza da langile-klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat. Euskal Herrian argi ikusten dugu hori: prezioek gora egiten dute, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten…"

Etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentistak, higiezin enpresak eta haiek defendatzen dituzten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak. Euskal langile-klaseak batu egin behar du bere interes komunen alde eta espekulatzaileen aurka, betiere etxebizitzaren arazoaren alderik gordinena jasaten dutenen egoera erreferentziatzat hartuta: indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, etxebizitza izateko eskubidea bermatuta ez dutenez, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar dute; sexugenero disidenteek, etxetik kanporatuak izateko arrisku gehiago dute eta higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen ditu; babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileek; edo higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatuek eta migratuek.

"Patronalak etekin bikoitza ateratzen digu langileoi; batetik lantegietan, soldaten debaluazaioaren bidez; eta, bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentismoaren eta espekulazioaren bidez"

Etxebizitzaren krisia espekulatzaileen eta errentisten negozioak eragiten du, eta, beraz, ezinbestekoa da langile klasearen antolakuntza kolektiboa espekulatzaileei eta higiezinen patronalari aurre egiteko. Patronalak etekin bikoitza ateratzen digu langileoi; batetik lantegietan, soldaten debaluazaioaren bidez; eta, bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentismoaren eta espekulazioaren bidez. Horregatik, bi eremuetan klase borroka indartzeko momentua da, eta kapitalaren eta patronalaren interesekin konfrontatzekoa.

Hau guztia, ordea, ez litzateke posible izango espekulatzaileen interesen zerbitzura dauden erakunde publikoak eta alderdi politikoak egongo ez balira. Ildo horretan, erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar ditugu. Alde batetik, eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren Gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean. PSOEren Gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri. Eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago, hartzen ari diren neurriek errentismoaren interesak eta finantzaketa blindatzea dute helburu.

Azkenik, Euskal Herrian erantzukizuna duten erakunde guztiak ere seinalatu behar ditugu. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita foru-aldundiek ere, eskumen zabalak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte. Higiezinen enpresen eta errentadunen interesekin lerrokatuta, espekulatzaileen eskuetan amaitzen diren dirulaguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza-ziklo berri bati bide ematen dioten legeak onartu dituzte, eta errentistentzako onura fiskaletan oinarritutako politikak aplikatzen ari dira. Azkenik, alderdi guztietako udalek etengabe baimentzen edo zuzenean gauzatzen dituzte etxegabetzeak, alternatibarik eskaini gabe.

"Etxebizitzaren arazoa konpontzea posible da; posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edo hezkuntza diren bezala"

Egoera arintzeko neurriak har litezke, hala nola alokairuen prezioak jaistea edo etxegabetzeak etetea. Baina hori ere ez da benetan egin. Gure egitekoa, ordea, ez da ogi apurrak lortzeko borrokatzea soilik, baizik eta etxebizitzaren arazoari erabateko konponbide bat emateko aukerak irekitzea. Etxebizitzaren arazoa konpontzea posible da; posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edo hezkuntza diren bezala. Horretarako, espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitu behar da. Eta horrek hiru norabide nagusitan aurrera egitea eskatzen du.

Lehenik eta behin, espekulatzaileei ondasunak espropiatu behar dizkiegu. Hemen milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatu behar ditugu. Inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura aberastuz. Eta, hirugarrenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak, eskaintzaren eta eskariaren logikarekin, arazoak betikotzen ditu, eta milaka euro kostatzen zaizkigu guztioi. Baliabideen antolaketa arrazionala behar da, irabazi pribatuaren mende egongo ez dena.

Norabide horretan egin behar dugu aurrera, eta antolatu egin behar dugu pairatzen ditugun bidegabekeria guztiei aurre egiteko eta aurrera egiten lagunduko diguten hobekuntzak konkistatzeko. Euskal Herrian badaude aurrerapausoak emateko baldintzak. Azken urteotan frogatu dugu borroka beharrezkoa dela eta merezi duela. Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela eta gaur, berriz, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dugu, eta baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela aldarrikatu ere.

"Etxebizitzaren arazoa pairatzen duen orori argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak"

Arazoak indibidualak balira bezala aurkezten dizkiguten arren, ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea. Antolatzeko deia egin nahi dugu, eta etxebizitzaren arazoa pairatzen duen orori argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak. Langile-klase antolatu eta indartsua behar dugu. Bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!