Udazkeneko azoka bertan da

Larunbat honetan askotariko produktuak erosteko aukera izango da Goikoplazan. Egun osoko ospakizuna izango da, kultur jarduerekin osatuko dena. "Andoaingo euskera, bihotzetik kalera" kanpainaren baitan antolatu du Larramendi Bazkunak.

Udazkeneko azokaren edizio berria antolatu du Andoaingo euskara elkarteak. Goizean hasita, askotariko produktuen postuak jarriko dituzte: olio ekologikoa, marmeladak, barazki-kontserbak, kremak, almendrak, euskal pastela, behi eta ardi gazta, Euskal Herri osoko ardoak eta artisautzazko garargardoak... aukera zabala izango da Goikoplazan jarriko dituzten dozenatik gora postuetan. Badira hainbat urte azoka antolatzen dabilela Larramendi Bazkuna eta, aurtengoak ere, egitarau oparoa izango du. Ez baita salerosketa hutsa izango. Elkartzeko gune bat izango da eta jendarteak tarte atsegina igarotzeko aukera asko izango du: bazkaria, toka txapelketa, bingo musikatua, erromeria... egun osoko ospakizuna izango da.

Egitaraua

  • 11:00-14:00 Euskal Herriko ekoizpena: ardoa, garagardoa, gazta, olioa, kontserbak...
  • 11:00-13:30 Trena. Goikoplazatik abiatuta, herrian barna bidaia.
  • 11:30-13:30 Puzzle lehiaketa. Izen-ematea aldez aurretik egin behar da.
  • 14:30 Paella bazkaria. Bazkalostean Arrutik egindako "kremazko enborra".
  • 16:30 Toka txapelketa.
  • 17:00 Yogurinha Borovarekin bingo musikatua.
  • 18:30 Auskalo erromeria taldea.

Euskal Herri osoko ekoizleak elkartuko dira Goikoplazan

Edariei dagokienez, Nafarroako Irunberri herriko Bodegas Azpea, Bargotako Biurko Gorri, Bardeetako Bardea Etxaldea, Baztango Xurie eta Arabako Garcia Huizi. Aritsautzazko garagardoak ere ez dira faltako: hasteko, Iker Etxebeste andoaindarraren Karom markadun edaria dastatu ahal izango da. Eta baita Goierriko Basabe Garagardoak, Gasteizko Scimmia eta Zumaiako Brewery Land markak.

Gaztagileak bi izango dira: Nafarroako Antsonea ardi gazta eta Goierriko Behieko behi gazta. Lapurdiko Uztaritze Arrastia G‚teaux Basques gozogileak ere bertan izango dira. Eta, jakiei dagokionez, honakoak: Bardea Etxalde, Gukale ekoizle agroekologikoa eta Bejondeizula barazkiak. Aukera, zinez, ederra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!