Ostegun arratsaldean abiatuko da erakusketa berria Bastero Kulturgunean. Margolanen lekukoa hartuko du argazkilaritzak, eta Agorretarena bakarkakoa erakusketa bazen, atzetik datorkiona erakusketa kolektiboa izango da. “Nekearen teoria” izenekoa, honakoa da sustatzaileen ildo nagusia: “Nekea izendatzea ez da keinu terapeutiko edo sinboliko bat, posizio-hartze bat da. Hausnarketa hori oinarritzat harturik, kide bakoitzak bere interpretazio artistikoak garatu ditu argazkilaritzaren disziplina ezberdinak aurkeztuz”.
Eta nortzuk dira erakusketarako batu diren hamabi artistak? Punto de Catastrofe eta Gu Argazki Taldea izeneko kolektiboak. Haien guztien artean badira bi andoaindar: Maddi Trutxuelo Garcia eta Rosa Zozaya.
Argazkia modu irekian adierazteko bitarteko gisa erabiltzen duten hamabi pieza ikusgai izango dira. Tartean, collage-a, fotomuntaia eta abar.
Eusten zaionaren eta kolapsatzear dagoenaren artean
Erakusketa martxan jartzeko argudioen artean, honako hau adierazi dute: "Erakusketak atalase kritiko batean kokatzen du nekea: oraindik eusten zaionaren eta kolapsatzear dagoenaren artean. Tarteko espazio horretan, pertzepzioa aldatu egiten da, arreta zatitu egiten da eta ingurunearekiko lotura ahuldu egiten da. Ez da estimulu falta, esperientzia osoa eragozten duen saturazioa baizik. Orduan, alienazioa ez da hautapen indibidual gisa agertzen, baizik eta bizitza gertatzen eta kudeatzen den esparruaren egiturazko ondorio gisa".