Bi argazkilari taldeek, Gu argazki taldea eta Punto de Catástrofe, bat egin dute erakusketa osatzeko garaian. Hain zuzen, hamabi argazkilari elkartu dira egitasmora: Paula Arbide, Kike Balenzategui, Marta Cortin, Jaione Garcia, Irene Larrañaga Arruti, Adela Mugica, Meryan Rivers, Dani Sanchez, Jorge Tellechea, Maddi Trutxuelo, Jaime Urtasun, eta, Rosa Zozaya.
Oharkabean pasatzen diren gaiak ikusarazteko dohaina
Marta Lasa kultura zinegotziak eta erakusketaren komisario lanak betetzeaz gain argazkilarietako bat den Maddi Trutxuelok hartu zuten hitza aurkezpenean.
Lasak erakusketak berarekin dituen dohainak goraipatu zituen. “Gure garaia zeharkatzen duen errealitatearen inguruko hausnarketa duen gogoeta kolektiboa da. Kulturak badu gaitasun berezi bat egunerokoan oharkabean pasatzen diren gaiak ikusarazteko, eta hori egin du erakusketa honek, eta horregatik da bereziki interesgarria”.
Erakusketak nekea ikuspegi askotatik aztertzen duela aipatu zuen, “gorputzetik, lan eremutik, memoriatik, zaintzatik, lurraldetik...”. Nekea ez dela bakarrik norberaren kontua gogoratzen digula erakusketak, gehitu zuen: “bizimoduak, gaur egungo bizimoduak, erritmoak eta etengabeko eskaerek sortzen duten fenomeno soziala eta kolektiboa dela ere erakusten digu. Irudien bidez, higadura, erresistentzia kolapsoa eta aldi berean eta aurrera egiteko gaitasuna eragiten zaizkigu”.
Esfortzu errepikatuaren ondorio kaltegarria
Argazkilariek Lisabo musika taldearen kanta batetik hartu dutela “Nekearen teoria” izenburua, Maddi Trutxuelok zehaztu zuenez. Trutxuelok hamabi argazkilariaren sormen-prozesua izan zuen aipagai. ”Hamabi argazkilariek nork bere hausnarketa egin du, nekea hitzarekin hiztegietan jartzen duen definizioa abiapuntu izanik. “Besteak beste, nekea, ingeniaritzan-eta erabiltzen den terminoa da, eta esfortzu errepikatuen ondorioz pixkanaka sortzen den kalte-prozesua da esan nahi du”.
Gehitu zuenez, “nekea ez da bapatean sortzen, nekea pilatzen doa eta denboran mantentzen da; belaunaldien artean transmititzen da”. Ideia hori modu askotara landu eta transmititu” dutela, eta horretarako “teknika eta diziplina desberdinak erabili” dituztela gehitu zuen.
Azkenik, erakusketaren ideia orokorra zein den aipatu zuen. “Normalizatuta dagoen egiturazko nekea ikusaraztea da, gizarte mailan ematen den eta sistema ekonomikoak, lan sistemak, politikak era kulturak eragindako higadura edo desgastea azpimarratu, alegia”.
Posizio-hartze bat
Maddi Trutxuelok atzoko irekitze ekitaldian egin zuen gogoetan barrena sakondu nahi izan dute argazkilariek, zabaldu duten oharrean: “nekea izendatzea ez da keinu terapeutiko edo sinboliko bat, posizio-hartze bat da. Hausnarketa hori oinarritzat harturik, kide bakoitzak bere interpretazio artistikoak garatu du argazkilaritzaren diziplina desberdinak aurkeztuz”.
Gehitu dutenez, erakusketak “atalase kritiko batean kokatzen du nekea: alegia, oraindik eusten zaionaren era kolapsatzear dagoenaren artean. Tarteko espazio horretan, pertzepzioa aldatu egiten da, arreta zatitu egiten da eta ingurunearekiko lotura ahuldu egiten da. Ez da estimulu falta, esperientzia oso eragozten duen saturazioa baizik. Orduan, alienazioa ez da hautapen individual gisa agertzen, baizik eta bizitza gertatzen eta kudeatzen den esparruaren egiturazko ondorio gisa”.
Era horretan, argazkia modu irekian adierazteko bitarteko gisa erabiltzen duten hamabi proposamen pertsonal jarri dituzte ikusgai; tartean, collage-a edota fotomuntaia.
Hamabi argazkilarietatik zazpi agertu ziren erakusketaren irekitze ekitaldira.






