Salerosketa ugari, goiz osoan, Udazkeneko Azokan

Larramendi Bazkunak antolatu duen azoka ezin hobe doa: salerosketa handia izan da postuetan eta Txu-Txu trenak herrikideen arreta bereganatu du.

Ezin hobea da goizeko balantzea: salerosketa ugari egin dira hamabost postuetan, ardoa eta garagardoa dastatzeko edalontzirik gabe geratu dira, pintxo ugari saldu dituzte eta, gainera, zozketarako txartel guztiak azkar batean saldu dira.

Larramendi Bazkuna eta Andoainera hurbildu diren Euskal Herri osoko saltzaileak, beraz, pozarren egon daitezke.

Udazkeneko azokak arratsaldean izango du jarraipena

Paella-jatea egiten ari dira eta, 17:00etan hasita, Yogurina Borovaren bingo musikatua eta Auskalo erromeria taldearen emanaldia. Eta, nola ez, artisautzazko garagardoa dastatzeko aukera paregabea.

Beste behin ere, Udazkeneko Azoka bikaina izango da.

Puzzle lehiaketa

Ainhize Urkola eta Uxue Iturriondobeitia izan dira irabazleak. Saria bikaina da: 200 euroko erosketa-txartela, Salkineko merkatalguneetan baliatzeko.

Saski ederren zozketa

Plazara hurbildu direnek, euro bateko txartela erosita, saski ederren zozketan parte hartu ahal izan dute. Goizean hiru sari banatu dituzte eta, argazkian, saridunetako bat ageri da. Arratsaldean hiru saski gehiago zozkatuko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!