Guztion ondare historikoaren zaintzaile bilakatu da Burdina taldea 25 urte hauetan

Atzo eguerdian, Ortzaikako karobi dotorean bildu ziren Burdinako hainbat boluntario, udal ordezkariekin eta herriko zenbait elkarteekin batera, eta hura piztuz ospatu zuten 25 urtetan egindako ibilbide oparoa. Ondoren, bazkarirako bildu ziren Santa Krutz elkartean. Argazki-sorta eta hiru bideo, ikusgai.

Ez da pagotxa mende laurdenean Burdinako ehundik gora boluntarioek ondare historikoa berreskuratzeko egin duten ahalegina: eskualdeko hamabi herrietan, 77 esku-hartze (errotak, burniolak, karobiak, meaztegiak...) egin dituzte elkarteko Joxerramon Berrondok gogorarazi zuen moduan.

Elkitaldian, gogoan hartu zituzten ibilbidean hil diren kideak: Joxe Paulo Usandizaga, Manu Izagirre, Regino Otegi, Mikel Iradi, Benigno Gonçalves eta Jose Luis Gracia, hain zuzen.

Ion Belokik ekitaldian abestu zuen bertsoak labur dezake egoki asko atzoko ospakizunaren espiritua:

Konturatzerako bete

jadanik mende laurderna

eta berriz elkartzea

gerta daiteken onena

nahizta batzuk joan diren

urte hauetan barrena

gogoan izan ditzagun

bizirik da oroimena,

Hogeita bost urte jada

Bizkotxen hasi den dena

eta gaur Ortzaikan gaude.

Hauxe da bide zuzen,

asko da lorturikoa

hori gauza nabarmena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!