Abelina Amutxategik 100 urte bete ditu gaur

Abelina Amutxategi Atorrasagasti mende bateko bizitzara iritsi da gaur. Atzo, igandearekin, senitartekoez eta lagunez inguratuta ospatu zuen urtebetetze berezia. Andoni Alvarez Andoaingo alkatea eta Olaigain Txistulari elkarteko kideak ere batu ziren ospakizunera. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai.

Etxarri baserriko bere bizitokira atzo agertu ziren guztien artetik, bere bi ahizpen bisitak eragin zion aparteko poza Abelinari; hain zuzen, Zumarragan bizi den 97 urteko Kontxita eta Andoainen bizi den 89 urteko Karmen.

Txistulariak ekin zioten ospakizunari, Otietara doan bidean egin zuten kalejirarekin; Alvarez alkateak Udalaren izenean oparia eman zion ondoren, eta bildutako guztiek zorionak abestu zioten. Emozioz gainezka zegoen Abelinak, eskerrak eman zizkien guztiei.

Abelina Amutxategik Jose Goikoetxea izan zuen senarra, eta lau seme-alaba izan zituzten biek: Ana, Joxe, Manuel, Karlos eta Juan Mari. Leizotz bailaran, Etxarri baserrian bizi da aspalditxotik, Ubaran eta Leitzaran erreken ondoan.

 

Lan franko egindako emakumea

Simon Amutxategi Leunda zarauztarra eta Karmen Atorrasagasti Zeberio andoaindarra izan zituen aita-ama. Senide askoko familiako kide izanik, gaztetan, besteak beste, Algodonera Subijana ehundegian irule gisa aritu zen urtetan, eta baita ere Uranga tabernan zerbitzari gisa.

Simon, aita, Urolako trenbideko tren-gidaria izan zen, eta 1936ko kolpe militarren ondoren lanetik kanporatu egin zuten frankistek, legezkoa zen Errepublikaren zerbitzura jarri zelako. Familia, hamarkadetan, Kale Berrian bizi izan zen.

Abelinak, Joxe Goikoetxearekin ezkondu ostean, lau seme-alabeko familiaren zaintzari ekin zion.

 

Txistulariak eta Euskaldunaren ereserkia

Txistulariak opari berezi bat besapean zutela heldu ziren Etxarrira, atzo; izan ere, Euskalduna Andoaindarra futbol taldearen ereserki zaharra ekarri zuten gogora. Gogoan izan behar da Abelinaren senarra izan zen Joxe Goikoetxeak jarri ziola letra ereserkiari, Jose Saenz Pepe Andoain-ek doinua sortu ostean.

Joxe Goikoetxea Olagaingo Txistulari Elkartearen bultzatzaile nagusienetakoa izan zen, Pio Huizi, Joxe Mari Huizi eta Jose Luis Etxeberriarekin batera, 70eko hamarkadaren amaieran. Txistulari taldea ez ezik, Alberto Agirre abesbatza ere abian jarri zuten garai hartan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!