Eusko Label Winter Series Gernikako jaialdiak ospe handia hartu du. Bete egiten da pilotalekua. Nola deskribatuko zenuke han sortzen den giroa?
Giro ederra. Nik esango nuke sortzen den giroa imajinaezina dela. Bertan ez bazaude ezin duzu imajinatu ere egin nola egon daitezkeen 2.000 pertsona frontoian. Oso pozgarria da hainbeste jende edukitzea, giro oso elegantea izan ohi dugu astelehenero.
Eta igandean Arraten. Andoaingo zaletuei zer esango zenieke?
Aukera aprobetxatzeko. Bi partidu ditugu igandean eta herrian bertan edukitzea nik uste dut aukera ezin hobea dela frontoira hurbiltzeko eta arratsalde eder bat pasatzeko.
Gernikan ari dira aste hauetan eta igandean desafioa izango dugu Andoainen. Etorriko diren kirolarien deskribapena egingo zeniguke?
Partida potenteak ditugu. Neskei dagokionez, Andoaingo taldekoa den Naroa Merino eta Maia Goikoetxeak jokatzen dute. Naroak maila oso ona dauka aurrelari bezala eta Maia atzealdean dagoen pilotari onenetakoa da. Haien arerio izango dira Frida Watkins, oso pilotari elegantea, eta Elaia Gogenola, oso errematatzailea eta espektakulu handia ematen duena. Mutilei dagokionez, Xabier Barandika eta Thibault Basque izango ditugu. Bi hauek bikote bezala jokatzen dute Gernikako Winter Seriesean eta aurten Jai Alai Leagueko txapeldunak izan dira. Haien aurkariak Aritz Erkiaga, azken urteetan egon den jokalaririk onena, eta Unai Lekerika, gaur egun maila oso altuan dagoen jokalaria, izango dira.
Gernikatik kanpoko jaialdiak nolako harrera izaten dute?
Oso ona. Nik uste dut azkeneko urteetan ikusi dela frontoi ezberdinetan jendea erantzun oso ona ematen ari dela eta espero dugu Arrate pilotalekuak erantzun berdina izatea, jendea hurbiltzea eta festibal oso polita ateratzea.
Andoainen badago harrobia eta astelehen honetan Gernikan izan ziren. Poztekoa da zestarentzat, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Harrobi oso ona dago Andoainen. Ez dakit zehazki zenbat gazte dauden jokatzen, baina Gernikan ohitura daukagu astelehenero talde bat gonbidatzeko eta duela bi urte Andoaingo eskola gonbidatu genuen lehenengoz eta komentatu ziguten ume asko daudela. Uste dut etorkizun polit bat eduki dezaketela eta aukerak izan ditzaketela profesionaletara salto egiteko.