Udaltzainek Intxaurrondon jaso zuten formakuntzaren azalpenak eman ditu Andoaingo Udalak

Artxiboko irudia.

Udaltzainburuaren txostena jaso du Udalak eta, gaurkoan, iritzi publikoari aferari buruzko xehetasunak ematea erabaki du.

Udaltzaingoak Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandantziatik komunikazioak jaso ohi ditu, euren alorreko gaiei buruz. Prozedura azaldu dute oharrrean: “Guardia Zibilak bere eskumenekoak diren zenbait gairi buruzko saio teknikoetan parte hartzeko aukera eman zien hainbat udalerritako udaltzaingoei, tartean Andoaingoak. Jasotako dokumentazioaren arabera, udaltzain buruak bere eginkizunen esparruan kudeatu zituen saioak, eta ez udal-gobernuak hala erabakita”.

Orain arteko modus operandi-a honako hau zen, oharrean zehaztu dutenez: “Udaltzaingora ikastaro proposamen bat iristen den bakoitzean Udaltzain guztiei bidaltzen zaie eskaintza, eta nahi duenak ikastaroan ematen du izena. Ez alkateari, ez arduradun politikoei ez zaie jakinarazten zein ikastaro jasoko duten langileek”.

Gertaeren ondoren, neurriak iragarri dituzte

“Andoaingo Udalak hainbat neurri hartu ditu Udaltzaingoaren prestakuntzaren plangintza, koordinazioa eta jarraipena indartzeko helburuarekin, eta etorkizunean antzeko egoerak gerta ez daitezen. Udalaren ustez garrantzitsua da udaltzainek etengabeko prestakuntzarekin jarraitzea, jardueren koordinazioa eta kontrola alde batera utzi gabe”.

Azkenik, eztabaida sustatu zutenei mezu bikoitza bidali die Andoaingo Udalak. Batetik, “segurtasun publiko integralaren euskal ereduarekiko duen konpromisoa” berresten duela. Bestetik, “eztabaida publikoak errespetuan, gardentasunean eta egiaztatutako informazioan oinarritu behar direla uste du, interpretazio interesatuak eta funtsik gabeko salaketak alde batera utzita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!