Finalaurrekoen lehenengo lau saioak jokatuta, bigarren itzulian sartu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Azaroaren 21ean, larunbat honetan bertan, jokatuko da finalaurrekoetako bosgarren saioa, Donostia Arena-Illunben, 17:00etan hasita. Bertan izango da Aitor Mendiluze andoaindarra.
Mendiluzek finalaurrekoen lehen faseko hirugarren saioan txapela jaztea lortu zuen. 713 puntu batuta nagusitu zen andoaindarra Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan. Ofizioetan erakutsitako abiadurarekin eta erantzuteko zorroztasunarekin agerian utzi zuen duen eskarmentua. Bakarkakoan egindako potoak min handia eman bazion ere, azkenerako, saioko lehen postua eskuratu zuen. Horrela, Donostiako finalaurrekoan kantatzeko txartela lortu zuen bigarren itzulirako. Bi itzulietako puntuak batuta, sailkapeneko lehen zazpiak sailkatuko dira finalera.
Larunbateko saioa 17:00etan hasiko da; ateak, berriz, 15:30ean irekiko dira. Asteburuko sarrerak oraindik eskuragarri daude, bertsosarrerak atarian. Bestela, saioaren egunean bertan leihatila 15:30ean zabalduko da; Bertsoa.eus-en, ETB 2 ON katean eta ETB ON plataforman bitartez ere zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.
Sailkapena
1- Amets Arzallus: 746,50 puntu
2- Nerea Ibarzabal: 740,00 puntu
3- Julio Soto: 733,50 puntu
4- Beñat Gaztelumendi: 733,00 puntu
5- Alaia Martin: 722,00 puntu
6- Miren Artetxe: 713,50 puntu
7- Aitor Mendiluze: 713,00 puntu
8- Sustrai Colina: 713,00 puntu