Udal Liburutegiaren harira, EAJ-PNVren adierazpenari erantzuna eman dio EH Bilduk

Egungo liburutegiaren gabeziak eta berria eskuratzeko luzapenak direla-eta, EAJ-PNVk oharra argitaratu du. Udal Gobernu taldearen erantzuna berehala iritsi da.

EAJ-PNVk udal liburutegiaren auziari eutsi dio berriro, hilabeteko epealdian bigarren oharra argitaratuz. Udal liburutegi berrian urratsak ematea eskatzearekin batera, egungoaren egoera salatu du. “Arratoiak, usain txarrak eta osasun-arazoak dituen liburutegi publiko batez ari gara. Ikasleek, familiek eta adin guztietako pertsonek egunero erabiltzen duten espazio batez. Egoera onartezina da, eta agerian uzten du premiazkoa dela instalazio duin eta egokiak izatea”, diote jeltzaleek.

Ildo berean, liburutegi berriaren premia azpimarratu dute hedabideetara helarazi duten oharrean: “lau urte igaro ondoren, EH Bilduk ez du lortu erosketa gauzatzea, ezta proiektua desblokeatzea ere. Alkateak promesak eta aitzakiak pilatzen jarraitzen duen bitartean, herritarrek liburutegi prekario bat erabiltzen jarraitzen dute”. EAJ-PNVk berehalako neurriak hartzeko eskatu dio udal gobernuari.

Jeltzaleek zabaldutako oharraren biharamunean iritsi da Gobernu taldearen erantzuna: “zinemaren partzela oraindik erosi ez izanak ez du esan nahi lanik egin ez denik edo proiektua geldirik dagoenik. Aitzitik, azken hilabeteetan beharrezkoak diren barne-lanak, azterketak eta prestaketa teknikoak egiten ari dira”. 

Arratoiei dagokionez, seriotasunez jarduteko aldarrikapena egin du EH Bilduk: “Bitxia da gaur Udal Gobernu honi leporatzea azken urte luzeetan beste gobernu guztiek konpontzea lortu ez duten arazo bat. Herritarrek ondo dakite titularrek ez dituztela arratoiak desagerrarazten; lan tekniko serioak bai”. Egoera kontrolpean duela adierazi du, azkenik, gobernu taldeak: “herritarrek jakin behar dute Udala gaur egungo liburutegirako aukera guztiak ari dela aztertzen, eta hurrena emango den garbiketa lanek eraginik izango ez balute, bestelako aukerak badituela eskuartean”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!