Amaia Uribe kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta irabazleez gain, Andoni Alvarez Andoaingo alkateak eta Arritxu Iribarrek ere hartu zuten hitza. Bestalde, bertan izan ziren, hainbat udal ordezkari, epaimahaikideak, zortzi finalistak, euskalgintzako eragile ugari eta Andoaingo herritarrak.
Axular dantza taldeak eta Amaia Aldalur piano-joleak eta Mikel Emezabal klarinete-joleak ekitaldia girotu zuten.
Hona nortzuk osatu duten epaimahaia: Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna, Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria) eta, idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.
Zigor Olabarriarentzat Kazetaritza Saria
Zigor Olabarria Oleagak Argia aldizkarian argitaratutako Oldarraldia izenburuko kazetaritza lanari eman diote Kazetaritza Saria. Azken urteetan, EAEko postu publikoetarako hizkuntza eskaeren kontra epaileek hartu izan dituzten erabakien ( “Oldarraldi judizial”az ezagutzen dena) atzean dagoena ikertu du Zigor Olabarria kazetariak, hiru ataletan.
Errenteriako Udalaren lan deialdia aztergai hartuta, helegite horien atzean pertsona eta talde antolatuak daudela frogatu ahal izan du, hiru urtetan luzatu duen ikerketaren ostean. Epaimahairen ustez, “ikerketa kazetaritzaren adibide garbi bat da honakoa, aurretik euskal gizartean zabalduta zegoen kezka bati erantzun diona”.
Erreportajeak inpaktu handia izan duela Euskal Herrian, gehitu dute. “Erreportajeak eztabaida biziak eragin zituen, eta gainerako hedabideetako gai nagusi bihurtu zen hainbat egunez, eta arduradun politikoen, sindikatuen, alderdi politikoen, erakundeen, elkarteen eta jendearen ahotan ibili zen. Euskararen kontrako neurriak eta diskurtsoak zabaltzen ari diren garaian, Argiaren erreportaje sorta bezalakoak funtsezkoak dira, laguntzen dutelako auziaren sakontasuna ulertzen eta hariak mugitzen dituztenak identifikatzen. Euskararen etorkizunaren eztabaidarako ezinbestez jakin beharreko informazioa dago hor”.
Epaimahaiak honako beste hiru finalista aukeratuak zituen aurtengo sarirako:
- Menopausia, Izaro Garciak eta Ander Zarragak HIRUKA hedabidean argitaratutako erreportaje eta artikulu sorta.
- Migrazio krisia: Ceutako auzia, Aitor Garmendia Etxeberriak Berria hedabiderako sorturiko artikuluak eta bideoak.
- Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala, Inge Mendioroz Ibañezek zuzenduta eta Idoia Garzesek idatzia.
NI.EUS-ek jaso du Komunikazio Saria
untu Eus Fundazioak, Iametzak eta Azkue Fundazioak sustatutako ekimena da NI.EUS, eta euskarazko posta eta hodeia eskaintzen duen zerbitzua da. Posta elektronikoa, fitxategiak gorde eta editatu, eta egutegia zein kontaktuak kudeatzeko aukera ematen du, doan. 2020an sortu bazen ere, 2026an Nextcloud software libreko plataforman oinarrituta bertsio-berritu da. Egun 7.000 erabiltzaile baino gehiago du.
Epaimahaiaren esanetan, “digitalitatearen bilakaera abiadura oso handian gertatzen da eta, zentzu horretan, irudi lezake posta eta hodeia eskaintzen dituen zerbitzu bat ez dela bereziki berritzailea. Aitzitik, posta elektronikoa Interneten aritzeko identitate-puntu funtsezkoenetakoa da, eta hodeia egunerokoan erabiltzen dugun oinarrizko zerbitzu bat. Aldi berean, ia esklusiboki helburu komertzial eta estraktibistekin merkaturatzen dira zerbitzu hauek. Zentzu horretan, ni.eus-ek eremu digitalean euskaraz aritu eta aurkezteko gabezia historikoari erantzuten dio eta digitalean ere euskaraz bizitzeko funtsezko baliabidea eskaintzen du”.
Komunikazio Sariaren finalista izan dira, irabazlearekin batera,
- Euskal Herriko historia 100 objektutan, Euskal Wikipediaren proiektua.
- Argiz(H)ari, Pantxix Bidart eta Marie Bidartek Euskal Irratietarako, Iparraldeko euskarazko irratien sarerako ekoitzitako podcasta.
- Latxa, HITZ Zentroak sustatutako txatbota.
Arritxu Iribar, aitzindaria kirol kazetaritzan
2026ko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak Ohorezko Mugarria eman zion Arritxu Iribar Egaña kazetariari, eta Xabier Lakak diseinatutako lana oparitu.
Hauexek epaimahaiak baloratu dituen arderdiak sari hauek emateko garaian:
“Duela gutxi arte, kirola gizonezkoen lurralde zaindua zen, baina hondar hamarkada hauetan emakumeak sartu dira irratietan eta telebistetan kirol ekitaldiak komentatzeko. Dagoeneko nehor ez da harritzen ahots femenino batek kirol emankizunak aurkezten dituenean. Karia horretara, Arritxu Iribar pionier bat izan da euskarazko eta euskal prentsaren alorrean. Txirrindularitzari lotua da bere boza. Bere irri ezaguna. Bera ere txirrindularia izan da. Jendartean inplikatua ere bai, EH Bilduko Zumaiako udaleko zinegotzia izan zelako bi agintalditan. Joserra Garciarekin hasi zen goizeko ordu txikietako magazina aurkezten, handik bi urteren buruan kirol sailetara pasatu aitzin. Hiztegia eta gaia partekatzeko moduak landu ditu eta iragan uztailean erretiratu zen berrogei urteko lanaldiaren ondotik.
Argia astekarian, Onintza Enbeitaren galdeei erantzunez hauxe argi utzi zuen: “gehien gustatzen zaidanean lan egin dut eta nire txirrindularitzaren ikuspegia konpartitu ahal izan dut! Elkarrizketa berean aitortzen zuen “24 ordutan gara kazetari” eta bere baitan ez duela sekula utziko berriak biltzen aritzeko zeregin hori. Arritxu Iribar bezalako esatariek irratia, Euskadi Irratia bereziki, erreferente gisa atxikitzera eraman dute jendea, teknologia berriek desagerraraziko zutela pentsatzen zen unean".