Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute Mugimendu Feministak deituta, ilunabarrean

Emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginda, hainbat herritarrek bilkura egin dute kontzejupean ilunabarrean. Indarkeria matxista gaitzesten duen idatzia irakurri dute eta Marisol Blanca Sanchez herrikideak bakarrizketa indartsua egin du. Idatziaren irakurraldia bideoz, ikusgai.

Hona Andoaingo Mugimendu Feministako kideek irakurri duten idatzia:

“Gaur, beste urte betez, arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko.

Lehenik, azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak gogora ekarri nahi ditugu; Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei. Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako.

Bestalde, doakiela, beste besarkada bana munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume* eta sexu-genero disidente guztiei. Bereziki, Palestinara. Genozidioarekin amaitu!

Ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez.

Indarkeriak baditu mila aurpegi. Eta horiek izendatzea dagokigu. Euskal Herrian ere, badira indarkeria betikotzen segitzen duten estatu aparatuak, polizia, kasu. Ondo dakigu indarkeria matxistaren produkziorako ezinbesteko egitura dela gorputz polizial oro. Eta herri honetan badakigu zerbait horretaz: emakume* nahiz sexu-genero disidenteek tortura sexistaren bidez pairatutako indarkeria politikoa horren adibide dugu.

Baina ez hori bakarrik, indarkeria matxista salatzera doazen kideek jasan behar duten tratua, baliabide falta, edota poliziak etengabe egiten dituen kontrol arrazistak ere indarkeriaren adibide argiak ditugu. Horregatik, ezinbestekoa zaigu Justizia Feminista eraikitzen jarraitzea.

Egun egiten ari garen bezala: autodefentsa feministaren bidez indarkeriak aitortuz eta erreparatuz, nahiz askotariko indarkeriei aurre egiteko mekanismoak sortuz eta martxan jarriz. Indarkeria matxista desagerrarazteko erakundeen borondate eta inplikazio politikoa exijitzen ditugu: baliabide publikoetan inbertsioa egiteko; borondatea sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak zapaltzen dituzten gorputzak izendatzeko eta bizitza duinen alde lerratzeko. Borondatea egiturazko neurriak hartzeko eta benetan baliagarriak izango diren baliabideak sortzeko.

Ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko. Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko. Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu.

Horregatik guztiagatik, gu ez gara etxean gelditzen ari. Kaleak hartzen jarraitzen dugu. Azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen aurka, Hego Euskal Herrian, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen kaleak eta gaur, azaroaren 25ean, Euskal Herri osoan indarkeria matxisten aurka hartu ditugu. Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean.

Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa zabaltzen ari direnen aurka antolatuko gara. Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu.

Aliantzak egiteko garaia da, antolatzekoa. Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko.

Bizi dugun bidegurutzean ez dago lerratzea besterik. Alde ala kontra. Feminismoaren alde ala kontra. Eskubide sozialen alde ala kontra. Euskal Herri Feminista baten alde ala kontra. Guk erantzuna argi dugu. Geroz eta indar gehiago batzen ari gara. Dena aldatzeko ari gara eta ez ginen atzera egiteko jaio!

Erasoen aurrean autodefentsa feminista!

Gora borroka transfeminista!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!