Hurrengo abenduaren 18an inauguratuko da Lili Zubeldia gazte andoaindarraren erakusketa Bastero Kulturgunean. “Sasi artean sartu naiz zelaia ikusteko” obra sorta ikusteko aukera izango da urtarrilaren 22ra arte.
Sasiek, txarrantxak eta atakek banatzen dituzte bidea eta zelaia, hor tartean kokatzen da artista andoaindarraren begirada, badena eta litekeena batzen (banatzen) diren puntuan. Ia-izate-hori bereganatzen dute irudiok, ikusten denaren eta irudikatzen denaren artean sortzen dena islatuz.
Bere lana erakusteaz gain arte garaikidea eta arte garaikidearen prozesuak haur eta gazteei hurbiltzeko asmoz arte-tailerrak eskainiko ditu Zubeldiak. Horrela, erakusketaren barruan espazio parte-hartzaile bat sortuko da sorpen-prozesuari lekua emateko, ikuspuntu pertsonala bultzatzeko.
Kultura sailak antolatuta eta Gazteria sailak sustatuta, Lili Zubeldia artista andoaindarrak eskainiko dituen tailerrak doakoak izango dira; eta talde bakoitzarekin bi orduko hiru saio egingo ditu hiru egunetan banatuta, abenduaren 28, 29 eta 30ean.
Saio hauetarako, bi talde osatuko dira: batetik, familiarra, 3-5 urte bitarteko haur eta haien laguntzaileez (guraso, familiako kide edo besteak) osatua. Hauen txanda goizez izango da, 11:00etan, eta gehienez 8 familia (16 pertsona guztira) izango dira. Eta bestetik, nerabeen taldea, 14 eta 17 urte bitarteko gazteez osatua. Hauen txanda arratsaldeko 17:00etan izango da, eta gehienez 12 nerabe izango dira.
Izen ematea abenduaren 16ra arte egongo da zabalik. Plaza kopuruak gaindituz gero, zozketa egingo da eta egokitu zaienekin jarriko gara harremanetan. Izena emateko, esteka honetan klik egin.