Hain zuzen, Concierto de Aranjuez, Habanera, El oboe de Gabriel, Rock around the cloc, Louis Armastrong-Revival selection, eta, Santa Zezilia abestietan tronpeta edota fliskornoa joko ditu Berrondok. Protagonismoa Janitz Nazabal, Xabier Otamendi, Mikel Arredondo eta Julen Barriorekin partekatuko du beste hainbat piezetan.
Musika banda batean bakarlari gisa nabarmendu behar denean, ardura eta presioa handitu egiten dira, Joxe Ramon?
Jakina hala dela, baina aspalditik hartutako ohitura da niretzat. Orain hamar urte, 16 urte nituela hasi nintzen Gora Kaletxikiren kontzertuetan halaxe, eta ez zait kostatzen batere. Eroso sentitu izan naiz beti Gora Kaletxikirekin, izugarri lagundu didalako musikari gisa hazten. Bestalde, herrian jotzeak ere gertutasun eta lasaitasun puntu bat ematen dit.
Musika Bandatan-eta, maiz hartzen dute protagonismoa tronpeta-jotzaileek. Zergatik da hori?
Banda batean diren makina bat instrumentuetatik, distiratsuenetakoa delako.
Tronpeta ez ezik, fliskornoa ere jo behar duzu larunbatean. Ez da oso ezaguna bigarrena.
Tronpetaren antzekoa da, baina pittin handixeagoa. Ni normalki tronpeta-jotzaile bezala aritzen naiz talde desberdinetan, eta ahalegin berezia egin behar izaten dut fliskornora moldatzeko. Izan ere, oso desberdinak baitira jotzeko orduan, erregistroetan, haizea botatzeko moduan... Entzumenaren aldetik ere, solo notak goxoagoak dira fliskornoarenak.
Musikaleentzat gogokoa izango den kontzertua prestatu duzuela esango al zenuke?
Egia esanda, konplikazio askorik gabeko kontzertua programatu da, Gora Kaletxikik eman dezakeenaren neurrikoa eta musikazaleek gozatzeko modukoa. Gora Kaletxiki ez da goi mailako txaranga bat, eta horretaz kontziente izanik, ahalik eta kontzerturik duinena eta erakargarriena eskaintzeko prestatu da, gogotik prestatu ere, azken asteetan, Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean.
Denetik topatuko dute entzuleek: doinu klasikoak, rock erritmoak, Xabier Leteren Habanera, The Mission filmeko Enrio Morriconeren doinu ospetsua, Louis Armastrongen abesti ezagunenak...
Gora Kaletxiki txarangak hamar urte daramatza banda formatuan kontzertuak eskaintzen. Ez da batere ohikoa hori, txarangen munduan.
Ez horixe! Jaio zenetik, bere filosofia beste txaranga askorengandik bereiztu baita. Herriko musikari gazteen harrobi izateko eta herriko kultur dinamikan ekarpena egiteko sortu zen, eta 25 urte betetzeko bidean da xede horri eutsita. Herriz herri ibili ohi den Oria txarangako kidea ere banaiz, eta argi daukat zertan datzan bereizketa hori.
Gazteei bultzada emateko harrobia dela Gora Kaletxiki aipatu dut, eta horixe azpimarratu nahiko nuke. Ohikoa izan daiteke nire kasua: 20-25 ikasle hasi ginen musika eskolan, eta egun, bizpahiruk jarraitzen dugu formatu desberdinetako musika taldeekin jotzen. Futbolean bezalatsu gertatzen dela musikagintzan ere, alegia. Txikitatik hasita orduak eta orduak eskaini instrumentu bati, baina urtetan aurrera, grina horri jarraipena emango dion aukerarik eduki ez, eta utzi azkenean!
Larunbatean, musika eskoletan partiturekin teorian ikasitako hori gero Gora Kaletxiki txarangak praktikara eramateko aukera eman digun musikari batzuk bilduko gara. Konpromiso ugari izaten ditugu nork bere musika taldeekin urtean zehar, eta ezin izaten dugu parte hartu Gora Kaletxikiren emanaldi guztietan. Nolanahi ere, sakratua da Santa Zeziliako kontzertu berezi hori, eta hor bai ezin dugula huts egin. Esker oneko sentitzen gara Gora Kaletxikirekin, ezinbesteko bultzada eman baitigu musikari gisa.
Alde horretatik, larunbatari begira, ez nituzke soilik gonbidatuko musikazaleak; instrumenturen bat ikasten ari diren gazteei eta beren gurasoei ere esango nieke merezi duela kontzertuak. Gazte gogotsuentzat ateak irekita dauzkan musika talde bat topatuko du.
Gora Kaletxikitik aparte, zein taldetan hartzen duzu parte, gaur egun?
Hernaniko Udal Musika Bandan, Oria txarangan, eta, Olgetan erromeria taldean.
Eramangarria egiten al zaizu hain formatu desberdinetako taldeekin jotzea?
Gaztea naiz, musika dut gogoko biziki, festa giroan parrandan ibili baino nahiago dut musika jo, eta oraingoz behintzat, ondo daramat urtean makina bat emanaldi eman beharreko bizi-erritmoa. Batzuekin eta besteekin, urtean 80 bat emanaldietan parte hartzen dudala esango nuke.
Andoain eta Tolosaldeko musikarik osatu zenuten Olgetan, asko ez dela. Zer moduz esperientzia?
Ederra, gozagarria izan da denbora laburrean egin dugun ibilbidea. Guk gozatu egiten dugu, eta gainera, lortzen dugu ikusleek gozatu ez ezik dantzan ere egin dezaten,. Gehiago ezin eskatu! Gero eta ezagunagoak gara euskal erromerien eta jai herrikoien munduan. Maiatzetik irailera bitarte jotzen ari gara gutxi gora behera; 30 bat emanaldi egin genituen iaz, 40 aurten.