In Memoriam

Estanis Amutxastegi Arregi Andoaingo alkate ohia zendu da

Jon Ander Ubeda, Xabier Lasa

2007-2011 agintaldian Andoaingo alkate izan zen bi urtez. Cenia enpresan egin zuen lan urtetan eta, bereziki, ETAren aurkako jardunean nabarmendu zen.

Andoainen aurkezpenik behar ez zuen horietakoa zen Estanis Amutxastegi Arregi. Gaztetan, lan munduan, CSUTko eta CCOOko afiliatua izan zen eta, politikan, Andoaingo alkate izatera iritsi zen. Gaztetatik erakutsi zuen politikarako grina: lehenik, frankismoaren aurkako mugimenduetan (PCI, PTE eta JGR). Ondoren, Franco hil ostean, Euskadiko Ezkerrako kide izan zen eta, gerora, Euskadiko Alderdi Sozialistarekin batera PSE-EE sortze prozesuan parte hartu zuen.

Ezker abertzalea legez kanpo zegoela, 2007-2011 legealdian, Jose Antonio Perez Gabarain alkate izan zen bi urtez. Agintaldiaren erdialdean Estanis Amutxastegik hartu zuen udalerriaren aginte-makila. Perez Gabarain, denbora tarte horretan, Espainiako Senatuko ordezkari bilakatu zen.

2011ko maiatzean utzi zuen alkatetza eta aginte-makila hauteskundeak irabazi zituen Bilduko Ana Carrereri pasa zion.

Geroztik, politikagintzatik urrun samar ibili zen. Hori bai, Pagazaurtunduaren eta Lopez de Lacalleren omenaldi-ekitaldietara ez zuen hutsik egiten. Ezta Elkarbizik antolatzen duen Memoriaren Eguneko ekitaldira ere.

Joseba Pagazaurtunduaren omenez egin zen ekitaldian, 2023an.

Hainbat eraso pairatu zituen berak eta bere familiak (Isabel Diaz, emaztea; Aitziber eta Nerea, alabak). 1999-2022 epealdian, esaterako, bere etxebizitzaren eta ibilgailuaren aurka. Haren bizkartzainen autoa ere erasotu zuten 2002an. Nerea alabak gertaera horiek kontatu zituen Andoaingo Udalak argitara eman zuen bideoan eta hainbat hausnarketa interesgarri plazaratu zituen:

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!