"
Adierazpena, osorik:
"INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik haserrez, amorruz eta minez, Bilbon gertatutako azken erailketa matxista salatu nahi dugu. 34 urteko emakume bat erail du haren bikotekide ohiak, labanaz eraso egin ondoren. Erasoa emakumearen bi seme-alaben aurrean gertatu da. Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ingurukoengan dituen ondorio lazgarriak erakusten dizkigu, baita haurrak indarkeria horren lekuko izateak dakarren sufrimendua eta indarkeria ere.
Lehenik eta behin, gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei, bereziki haren seme-alabei. Erailketa hau ez da gertakari isolatu bat, indarkeria matxistak eragindako gertakari lazgarri bat gehiago baizik. Are, haurren aurrean egindako raso honek erakusten du indarkeria matxistak zenbateraino zeharkatzen dituen emakumeon* bizitzak eta gure ingurukoenak.
Erailketa hau azaroaren 25a eta bi egun pasata gertatu da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta bi egun igarota, alegia. Horrek agerian uzten du indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapenak eta gaitzespen-adierazpenak ez direla nahikoak: emakumeon* bizitzak arriskuan jartzen dituen egiturazko indarkeria honi aurre egiteko benetako neurriak behar dira.
Gertakari honen aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:
Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari ditu. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak emakumeon* gorputzak, erabakiak eta bizitzak kontrolatzen jarraitzen du. Hilketa matxistak indarkeria horren adierazpenik muturrekoena dira, baina egunerokoan ere, hainbat modutan agertzen da. Ezinbestekoa da indarkeria horren adierazpen guztiak ikuspegi feministatik aztertzea, emakumeon* bizipenak eta sufrimendua erdigunean jarriz. Ez dugu indarkeria matxista normalizatzea onartuko, ezta emakumeon* askatasuna zalantzan jartzen jarraitzea onartuko ere.
Erakundeen erantzukizuna: prebentzioa, arreta eta babesa. Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta babes eraginkorra bermatzeko. Horrek detekzio- eta babes-sistemak indartzea, baliabide nahikoak eskaintzea eta emakumeen zein haien seme-alaben segurtasuna bermatzea eskatzen du. Gaur salatzen ari garen erailketa honekin, argi geratu da babes neurriak sarri ez direla nahikoa izaten. Eraildako emakumea* ertzaintzaren babespean zegoen, eta argi dago babes kate horrek huts egin duela. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: beharrezkoak dira baliabideak, jarraipena eta benetako konpromiso politikoa, emakumeen* bizitzak babesteko.
Gizonei interpelazioa: hartu zuen erantzukizuna! Indarkeria matxista ez da emakumeon* arazoa; egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea. Gizonek ezin duzue beste alde batera begiratzen jarraitu. Apurtu itun patriarkalak, zalantzan jarri zuen pribilegioak eta deseraiki emakumeon* bizitzak kontrolatzen dituzten indarkeria-mekanismoak. Isiltasuna eta konplizitatea apurtzea ere zuen ardura da.
Protokoloa aktibatuta: erantzun kolektiboa gure indarra. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, erailketa matxisten aurkako gure protokoloa aktibatu dugu, gertakari honen aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko. Ez dugu beste emakume* baten erailketa normaltzat hartuko, ezta indarkeria matxistaren aurrean isilik geratuko ere. Gure indarra antolakuntzan, elkartasunean eta kaleetan dago.
Autodefentsa feminista gure hautua. Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea, elkar zaintzea eta erantzun kolektiboak antolatzea ere bada. Emakumeon* eta sexu-genero disidenteon bizitzak eta ongizatea erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei aurre egiteko gai izango dena. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, emakumeon* eta sexu-genero disidenteon askatasuna eta bizitza duina defendatzeko.
Bide horretan, gaurkoan, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxatik abenduaren 11n herriz-herri egingo dugun memoria kolektiboa indartzeko ariketa sustatzeko eta indartzeko deia egiten dugu. Indarkeria matxistari aurre egiteko urrats bat gehiago izan dadila, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak eta instituzioei ardura har dezaten exijitzearekin batera.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENOK ASKE IZAN ARTE!
GORA BORROKA FEMINISTA!”.