Joanes Illarregi (Leitza, 1999) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001), nor baino nor gazteagoa, maila harrigarria ematen aritu dira Nafarroako bertsolari txapelketan. Sustraiak Andoainen dituzte. Ama bertakoa baitute, Josune Marzol Ormazabal, hain zuzen.
Joanesek bi bertso abestu zituen, finaleko bakarkako ariketan. Gaia: “Amatxia bixitatzera joan zara. Aspaldiko partez, gaur ezagutu egin zaitu”. Ez zuen urrun edukiko iaz Andoainen hil zitzaion Maria Dolores Ormazabal amonaren oroitzapena.
Nere amona orain aspaldi
mundu hontan jaio zena,
zahar etxea bihurtu zaio
azken aldiko kondena.
Astero gisan gaur etorri naiz
eskaileretan barrena.
Esan du nere izena,
badaki Joanes naizena.
Besarkada bat eman diot ta
egin du irri ozena,
eta izan dudan azken aldiko
besarkadarik onena (bis)
Eta irria ahoan dauka
biok banandu orduko
sila batean eseri nahiz ta
gelditu bere gertuko.
Joan nahi dudan galde egin dit
baina egin diot uko.
Bizitza honek hainbat punto
ez ditugunak gustuko,
nahiz eta jakin hurrengo baten
ez nauelako ezagutuko.
Nik esan diot joan da ere
guk ez dugula aztuko (bis)