Ezquerro izan da txapeldun Tolosaldeko bertso-eskoletako gazteen txapelketan

Aiurri 2019ko mar. 31a, 11:36

Tolosaldeko 9 bertsolari gaztek hartu dute parte ostiralean ospatu zen txapelketan: Peio Zubeldia, Mikel Ezquerro, Erik Aranzabal, Asier Arteaga, Unai Elola, Ane Zubia, Oibar Olano, Beñat Mateos, Oinatz Otegi.

Lehen aldiz ospatu da Tolosaldeko bertso-eskoletako gazteen txapelketa, Harituz bertsozaleen taldearen eta Asteasuko Udalaren eskutik. Ostiralean izan zen Asteasuko udal aretoan.

Askorentzan beren lehen saioa izan zen jendaurrean. Ikusleek txalo zaparraden artean hartu zituzten bertsolari gazteak. Hauxe egin behar izan zuten lana: agurra, bakarka lau oinak emanda zortziko txikian bertso bana, binaka zortziko handian bina bertso eta amaitzeko zortziko handian bertso bat.

Mikel Ezquerrok tolosarrak jantzi zuen txapela. Bigarren postuan berdinduta geratu ziren Peio Zubeldia tolosarra eta Beñat Mateos asteasurra. Erik Aranzabal tolosarrak bertsorik onenaren saria lortu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!