Sanpedroak 2019

Txupinazoa, hilaren 27an

Indarkeria matxistaren inguruko proiektua lantzen ari diren herriko Erratztuz taldeko gazteek jaurtiko dute txupinazoa aurtengo jaietan.

Nola jaso duzue txupinazoa jaurtitzearen berria?
Peru Larrañaga: Festetako bilera batean, gure taldeko kide batek galdetu zuen ea aurten nork jaurtiko duen txupinazoa, eta guk jaurtiko genuela erantzun zioten. Hasieran txantxa gisa hartu genuen, ez baigenuen horrelakorik espero.
Oneka Herrero: Hasieran lotsa sentitu genuen, gutako nork jaurtiko duen txupinazoa pentsatzen jarrita.

Indarkeria matxistaren inguruko proiektua ari zarete lantzen. Zertan datza?
O. H.: Arremanitz kooperatibako bi kide, Asier eta Izaro, etorri ziren abenduan jardunaldia gidatzera. Hilabetero jardunaldi bat antolatu ohi dugu, gure beharretatik abiatuz matxismoari lotutako ideia ezberdinak lantzeko. Tarteka mutilak eta neskak talde banatan banatu gara; ondoren, elkartu eta mahai gainean jarri ditugu ateratako ondorioak.

Zein emaitza atera dituzue jardunaldi horietatik?
P. L.: Asteasun lehen aldiz protokolo bat sortzeko bidean gaude, jaietan indarkeria matxisten harira sortzen den segurtasun ezari aurre egiteko helburuz. Protokoloa hitz potolo gisa ikusten da eta ezjakintasun horrek askotan atzera egiten du, baina nik uste herriak erantzun ona emango duela.

Eta zein ideia bildu dituzue protokolo horretan?
P. L.: Txosnan eroso sentitzen garenez, txosna gune seguru gisa izendatu dugu. Edozein tabernatan erasoren bat gertatzen dela ikusiz gero, erasotuari laguntza eskainiko zaio eta txosna izango da babesgunea.
O. H.: Erratztuz taldeko kideak gara protokoloaren arduradunak. Gutakoren bat txosnan ez badago ere, gure kontaktua badute eta deituko digute. Asteasuko Udalak une oro eskaini digu laguntza, eta herriko emakume taldearekin ere elkarlanean ari gara.

Herritarrek badute protokoloaren berri?
P. L.: Protokoloaz gain, etxeetara bidaltzeko eskuorria prestatu dugu. Pentsatu dugu eskuorria tabernatan ere eskuragarri jartzea, eta tabernariekin hitz egin dugu erasoren bat gertatuko balitz ea prest egongo liratekeen argiak pizteko eta kaleratu behar dena kaleratzeko.

Txupinazoa nola joango den aurreratzerik ba al duzue?
O. H.: Txupinazo egunean “Ni ere prest” deitu ditugun txapak banatuko ditugu. Txapa hori hartzen dutenek, erasoen aurrean laguntza eskaintzeko ardura adierazten dute.
P. L.: Erasotua izan denak ikusten badu inguruan 50 pertsona daudela txapa soinean jantzita, babesa emango dio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!