Asteasuko plaza berritua inauguratu du udalak herritarrekin batera

Aiurri 2019ko eka. 24a, 10:03

Inaugurazioan zehar, plazak emandako bilakaera irudikatzen duten bi argazki panel egon ziren ikusgai plazan bertan; eta adin ezberdinetako herritarrek beren garaiko plazaz hitz egin zuten.

San Juan bezperan, atzo, inauguratu zen Asteasuko plaza berria eta herritar ugari bildu ziren plazan udalak prestatutako ekitaldira. Zizurkilgo Iker Urruzola eta Amasa-Villabonako Beatriz Unzue alkateak ere bertan izan ziren, baita Amasa-Villabonako EH Bilduren zenbait zinegotzi ere. Pili Legarra alkateak hartu zuen lehenik hitza: "Gaur 2011an buruan genuen ekimen bat gauzatzeko bildu gera. Plaza berritu nahi genuen orduan eta gaur errealitatea da. Oso pozik gaudela esan beharrik ez dago. Eskerrak emateko eguna ere bada. Eskerrak Pedro Izaskun arkitektoari; Estibaliz Igartua aparejadoreari; Jon Ander Martinez segurtasun arduradunari; Joxe Maria Vaz abokatuari; Sasoi Eraikuntzak enpresako langile guztiei jarri duten borondatea eta egin duten lan txukunagatik; udal langileei horrelako lanek suposatzen duten tramitazioan egindako lanagatik; nola ez herritarrei denbora honetan guztian obrak suposatu dituen eragozpen guztiak ulertzeagatik; eta azkenik udal zinegotziei eta ondoan izan dugun lantaldeari".

Ondoren, Amaia Agirre bertsolariak hartu zuen hitza. Hona lehenengo bertsoa:

Asteasuko lege zaharren
enparantzaren zahar printza.
Berrikuntzara bideratu da

onura lehen baldintza.
Arlauza oro eskuz jarria
elkar leku bat da oinarria,
ta zutabe herrigintza.
Segurtasuna baldintzatzea
lehen premisa ta giltza.
Ingurunea oinezkoentzat
egokitzeko ekintza.
Nahiz ta denboran asko luzatu
azkenik txukun dute gauzatu,
dotorea ta anitza,
bermatuz elkarbizitza.

Plazaren bilakaera iruditan eta hitzetan
Inaugurazioan plazak urtebetean izan duen bilakaera ikus zitekeen, konparazioa eginez aurreko eta egungo plazarekin. Adin ezberdinetako herritarrek beren haurtzaroko eta gaztaroko plazaz hitz egin zuten (esandakoak artikuluaren behekaldeko bideoan bildu ditugu; klikatu linkean).

Ekitaldia hasi bezala, amaitu ere Pili Legarrak egin zuen Gari Otamendi biolin-jotzailearen musikaren laguntzarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!