Herriaz harro
Herri eta harro hitzak, morfologikoki antzekoak izan arren, ez dira esaldi berean sarritan ikusten.
Guk, ordea, batez ere aurten, badauzkagu gure herriaz eta herritarrez harro egoteko arrazoiak. Aurtengo jaiak herritik eta herriarentzat eginak izan dira. Herritarrongandik eta herritarrontzat.
Herritarrok egin dugu indarkeria sexisten aurkako protokoloa eta herritarrok bota dugu txupinazoa. Herritarrok lan egin dugu haurren eta kuadrillen egunean. Herritarrok izan gara ostiral goizean txarangan parte hartuz herria girotu genuenak, eta baita larunbat arratsaldean trikitixa, panderoa eta txistua joz nahiz abestuz kalejira ederra osatu genuenak. Herritarrok soka-dantzan aritu ginenak eta herri kiroletan parte hartu genuenak. Eta ezin ahaztu kuadrillen bazkaria eta herri afaria, ez al da harrigarria 300 lagun elkartzea mahaiaren bueltan?
Eta txosna herrikoia? Han ere herritarrok aritu gara etengabe lanean, borondatea eskuzabaltasun osoz eskainiz.
Seguru ahaztu zaidala zerbait, baina zerrendatu ditudanak nahikoa arrazoi dira gure herriaz eta gure herritarrez harro egoteko; geure buruaz harro egoteko.
Eskerrik asko, herritar! Izan daitezela aurtengo jaiak datozen urteetakoen oinarri eta oinherri.