Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute

Ainhoa Gil 2019ko uzt. 16a, 13:31

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur, Asteasuko udaletxean. Irailaren 14an hasiko da txapelketa eta abenduaren 14an jokatuko da finala, Donostiako Illunben.

Pello Errotaren heriotzaren mendeurreneko urtean, keinu berezia egin dio txapelketak bertsolari asteasuarrari. Bertan egin zuten txapelketaren atariako den 'Gipuzkoa bertsotan' sailkapen fasea eta bertan egin dute gaurko aurkezpen ekitaldia ere. Horrez gain, txapelketako irudiak errotarria ekartze du gogora, Pello Errota eta haren alaba Mikaela Elizagiren oroigarri.

Saroi Jauregi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria;  Pili Legarra, Asteasuko alkatea eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan dira aurkezpen ekitaldian. Saroi Jauregik hartu du hitza aurkezpena zabaltzeko: "2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 14an hasiko da Oñatin, eta abenduaren 14an amaituko da Donostian, Illunben. Hiru hilabeteko epean 16 saio jokatuko dira; zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru final-aurreko eta abenduaren 14ko finala. Guztira 48 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo txapelketan; batetik, 34 udaberrian jokatutako Gipuzkoa bertsotan sailkapen fasetik eta beste 14 bertsolari duela 4 urteko txapelketan gutxienez final-aurrekoetara iritsi zirenak". 16 epaile izango dira txapelketan eta 15 gai-jartzaile.

Esan bezala, aurten bete dira 100 urte Pello Errota hil zela eta hura hartu dute gogoan txapelketako irudia eta sintonia osatzeko garaian. "Bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak errotan bezalatsu funtzionatzen duela irudikatu nahi izan dugu; askotariko gaian uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka eta emaitza horrekin elikatuz", azaldu du Saroi Jauregik. Sintonia Don Inorrez taldeak egin du, eta irailaren 7an aurkeztuko dute, Asteasun bertan, txapelketako parte-hartzaileekin egingo duten aurkezpen festan.

Pili Legarra alkateak azaldu du Pello Errota eta Mikaela Elizegik izan duten garrantzia, eta baita herrian haien inguruan antolatutako ekimenen berri eman ere: "2019ko otsailean bete zen mendeurrena, baina ez genuen ekitaldi sorta hutsean geratzea, eta bi urtetan zehar egiteko jarduerak prestatu genituen. Ekitaldi horiekin, asteasuarrei erakutsi nahi izan diegu kulturalki herri aktiboa dela gurea eta Asteasukoak ez direnei erakutsi nahi diegu ez dela kasualitate hutsa izan Pello Errota moduko figura bat Asteasun sortu izana. Mendeurren ekitaldien bidez Asteasuko hondare eta zenbait balio erakutsi nahi izan ditugu. Horregatik, oso anitza izan da egindako jardueren izaera: bertso-jarrien afaria, bertsoz lagundutako hitzaldia, Bernardo Atxaga eta Maialen Lujanbiorekin, Pello Errota bertso sariketa Harituz  taldearekin, Koldo Izagirreren hitzaldia, eskolarekin batera landutako unidade didaktikoa, Santaeske berezia eta Eñaut Agirrek gidatutako diska eta emanaldia...".

Mikaela Elizaegi ere gogora ekarri nahi izan du Pili Legarrak: "Mikaela Elizegiri zor diogu Pello Errotari buruz dakigun guztia. Bere bertsogintzak eta memoriak zuten kalitateagatik, Mikaela ahazturatik ateratzea justiazia kontua dela uste dugu, komunitate parekideagoa lortzeko eredu ona lantzaen ari garelakoan gaude horrekin". Mendeurrena amaitzeko, Gipuzkoako Bertsolari txapelketa aurkeztu dute Asteasun bertan.

Irailaren 2an jarriko dituzte salgai txapelketako saio guztietarako sarrerak bertsoa.eus webgunean. Saioetako egunetan, leihatilan bertan ere jarriko dituzte salgai, eta finaleko sarrerak ere erosi ahal izango dira egun horietan. Bertsozale elkarteko bazkideek eta 6-16 urte arteko gazteek prezio berezia izango dute. Bazkideek 80 euroko abonua erosteko aukera ere izango dute.

Txapelketaren jarraipena egin ahal izateko, bi webgune izango dira: bertsozale.eus guneak atal berezia izango du eta bertsoa.eus guneak saioetako irudiak bilduko ditu.

Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria da eta zoriondu egin du Bertsozale elkartea, egindako lan guztiagatik. "Udazkenean ikusiko da lan guzti horren fruitua. Antzokiak, frontoiak, Illunbe..., guztiak beteko dituzue, egindako lan horri esker".

Bi saio hartuko ditu gure eskualdeak: irailaren 15ean, igandearekin, Amasa-Villabonan arituko dira bertsotan eta urriaren 19an, larunbatarekin, Andoainen. Eskualdeko bertsolariak ere arituko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan: Haritz Mujika asteasuarra, Beñat Iguaran eta Oihana Iguaran billabonatarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarra.

Irailaren 14an, Oñatin izango du saioa Haritz Mujika asteasuarrak. Herrian bertan aritu beharko du Beñat Iguaranek, irailaren 15ean. Irailaren 28an, Zumarraga-Urretxun abestuko du Unai Mendizabalek eta urriaren 27ko Azpeitiako final-aurrekoan sartuko da lehian Oihana Iguaran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!