Ganadua, elikagaiak eta artisautza protagonista Asteasuko Azokan

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 29a, 15:35

Eguraldi bikaina lagun, jende asko bildu da gaur goiz eta eguerdian Asteasuko Azokan. Herritik kanpoko askok bidegorrian barrena bertaratzeko aukera egin du, baina aparkalekuak ere kotxez beteta zeuden.

Plazako karpan nahiz pilotalekuan, postuak ugari. Artisautza, elikagaiak... Garaiko produktuak. Herrikoak bertakoak saltzaile asko, eskualdekoak beste asko, kanpotik etorriak ere bai.

Eguerdian jakinarazi dute arroz-esne lehiaketako irabazleen berri. Hamaika parte-hartzaile guztira eta Onintza Elduaienentzat izan da lehen postua. Pello Errota ikastetxeko zuzendaria gustura agertu da lehiaketa irabazita eta osagairik garrantzitsuena "maitasun handia jartzea dela" esan du. Larraitz Alkorta eta Itziar Zeberio asteasuarrek prestatutako arroz-esneak geratu dira bigarren eta hirugarren lekuan.

Urtero legez, herriko eta herritik kanpoko ganaduzaleek euren ganadua erakusteko tarte bikaina izan dute gaurkoan ere. Behiak nagusi, baina ardi, ahuntz, txekor, zaldi, zerri..., bestelako baserriko animalia ederrak ikusteko aukera izan da eta jende asko bildu da bertan.

Goiz eta eguerdian abiatutako festa ez da oraindik bukatu, arratsaldeko 18:00etan, Asteasuko trikitilarien txanda izango baita eta posturik gehienak 19:30ak arte zabalik egongo dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!