Gipuzkoako turismo alorreko eragileek Asteasuko Muskerraren bidea ezagutu dute

Helburua turistekin harremanetan dauden eragileei Muskerraren bidea ezagutaraztea izan da, ondoren eurek ere gomendatu diezaieten turistei Asteasura etortzea ibilbidea egitera.

Gipuzkoako eta bereziki Donostiako turismo gidariak, bidai agentziak, hotelak, nekazal etxeak eta turistekin harremana duten eragile ezberdinak 11:00etan heldu dira autobusez Asteasuko Elizmendi auzora. Elizako plazan Bernardo Atxaga idazleak Muskerraren bideko zenbait xehetasun eman dizkiete. Ondoren, Asteasu herrira jaitsi dira hamaiketakoa egitera Iturri-Ondo jatetxean.

Tolosaldea Garatzen eskualdeako garapen agentziak 20 lagun ingururentzako paketea eskaintzen du 75 eurotan, eta gidari lanetarako Gari Otamendi Asteasuko Udaleko komunikazio arduraduna dute.

Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikariak azaldu duenez, "guretzako bidaia-agentzia batek saldu beharko lukeen paketea eskaintzen dugu. Bidaia-agentziek aukera dute Otamendi kontratatzeko taldeekin gidari lanak egiteko euskaraz eta gazteleraz. Ondoren, aukera emango diegu hemengo betiko hamaiketakoa dastatzeko Iturri-Ondo jatetxean. Guretzako hain tipikoa den hamaiketakoa balorean jarri nahi dugu: salda, haragi egosia, txorizo egosia". Bestalde, Muskerraren bidea ezagutzen ez duten eskualdeko herritarrei bisitan etortzeko proposamena luzatu die Ilarregik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!