Asteasutik Alacantera, pilotan jokatu eta bizi berria hastera

Ainhoa Gil 2019ko urr. 26a, 10:22
Gaizka Iruretagoiena, Asteasuko plazan.

Bost urte zituela eman zituen lehen pilotakadak Gaizka Iruretagoiena asteasuarrak. Frontoian aritzea du gustukoen, baina bote-luzean ere gustura dabil. Bote-luzeak eman zion pilota valentziarreko llargues modalitatean aritzeko aukera eta buru-belarri aritu da denboraldi osoan.

Erreportajearen hasiera jarraian. Osorik irakurri nahi duenak Aiurri aldizkariaren 547 zenbakian aurkituko du jarraipena.

Asteasuko udaletxeko arkupetan, zein Usarrabi pilotalekuan konta ezin ahala ordu pasatakoa da Gaizka Iruretagoiena gaztea. Bost urterekin eman zituen lehen pilotakadak eta geroztik ez du etenik egin bere kirol ibilbidean. Bide berria aurkitu du, ordea, azken urte honetan. Euskal Herriko pilotalekuetatik guztiz urrundu ez bada ere, Alacanteko llargues pilota jokoan denboraldi osoa egin du.
Otsailetik uztailera, ostiralean lanetik atera, hegazkina hartu, eta Alacanten pasa ditu astebukaera guztiak, pilotan jokatzen. Nekea ekarri dio jardun horrek, baina baita gozamena ere. 
Llargues modalitateko liga txapelduna izan da Gaizkaren taldea, berak sakez egindako bi tantok eman zien garaipena Parcent taldeari, eta horrek, udan partida asko jokatzeko ateak zabaldu zizkion. Alacanten pasa du uda, eta oraindik  ere, herrietako festetara joateko deiak jasotzen ditu maiz. 
Urtarrilean, bizimodua aldatu eta Alacantera joango da bizitzera, pilotan entrenatu, prestatu eta jokatzera. Etorkizun berriaren bila. 

Frontoiko hiru hormen artean jokatzen ohituta zeuden Gaizka Iruretagoiena eta bere lagunak, Iñaki Esnal pilotaria hurbildu zitzaienean. Bote-luzean aritzeko gonbita egin zieten, "eta hasieran, guk, ezezkoa. Frontoian ibiltzen ginen, eta huraxe gustatzen zitzaigun. Froga egiteko eskatu zigun, berriz, ondo moldatuko ginela. Lehen saioa ikaragarri eskasa izan zen. Bote-luzearen arauak bereziak dira, eta ez genuen jokoa ulertzen. Pixkanaka, ordea, ikasten joan ahala, geroz eta gusturago aritzen ginen", adierazi du. 


Parcent, Alacant
Larraulen bote-luzeko taldea sortzeak ekarri zuen modalitate horretako Europako Championsa Donostiara ekartzea. "Txapelketa hura jokatzeko aukera izan genuen eta hantxe ezagutu genituen Alacanteko Parcent herriko taldekideak". 
Harreman polita sortu zen Larraul eta Parcent herriko pilotarien artean, "eta hango festetara gonbidatu gintuzten. Bote-luzea nola jokatzen den erakutsi genien guk, eta eurek llargues jokoa. Kalean bertan jokatzen dute, Donostiako Alde Zaharreko kale batean pilotan ariko bagina bezala, bere balkoi, teilatu eta guzti jokoaren barne direla".  
Asko gustatu zitzaien llargues jokoa eta partidatan sortzen den giroa eta, hurrengo urtean, bidaia errepikatu zuten Larraulgo taldeko kideek. "Erdi-txantxetan esan nuen sakeak egitera joango nintzatekeela. Serio hartu zituzten nire hitz horiek, eta taldekide izateko aukera eman zidaten. Bi aldiz pentsatu gabe eman nien  baiezkoa".


Llargues
Llargueseko liga jokatu zuen Gaizkak, otsailetik uztaila bitarte. Lehen hartu-emana izan eta jokoan trebatzeko, bigarren  mailan lehiatzen den taldean ekin zion denboraldiari. "Asteburu guztietan, joan-etorrian ibili naiz. Lanetik atera, Alacanterako hegaldia hartu, partida jokatu, etxera itzuli, eta lan-asteari ekin". Neka-neka eginda amaitu zuen denboraldia Gaizkak, loari ordu asko kenduta. 

... ... ...

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!