Bizi dantza ikuskizuna iristear da Asteasura

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 29a, 11:50

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek laster aurkeztuko dute “Bizi dantza” ikuskizun berriena, eta lehenengoetako saioa Asteasun eskainiko dute. Datorren azaroaren 10ean izango da, igandearekin, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak dagoeneko salgai daude Mattin liburudendan, Villabonako Basajaun liburudendan eta online.

Euskal Dantzen tradizioari begiratu die oraingoan pailazoek: ohorezko kontrapasa, kalejira, martxa, txapeloaz, dantza jauzia, katadera edo aulki dantza, Xan Petrike dantza, esku dantza, fandangoa, banangoa… Dantzak gure kulturan eta gugan duen eraginari erreparatu diote, Vanesa Castaño eta Jon Maya dantzari errenteriarren laguntzaz. Tradiziotik edan eta Leire Bilbao idazle bizkaitarrak sortu ditu propio proiektu honetarako doinuen hitzak, pailazo taldearekin elkarlanean. Xabier Zabalak konposatu ditu doinu berriak eta Pirritxek, Porrotxek, Marimototsek eta Idiazabalgo eta Ordiziako haurrek abestu dituzte Garate estudioan, Kaki Arkarazorekin. Disko liburuko ilustrazioak Maite Mutuberriak egin ditu.

Horrela deskribatu du ikuskizuna Leire Bilbao idazleak: “Lurra sortu zen unetik bertatik, jirabiraka dantzari hasi zen bere buruaren eta eguzkiaren inguruan. Animaliak ere sortu ziren unetik bertatik, dantzari dabiltza lurraren inguruan. Geu ere hitzaren jabe izan aurretik dantzatzen gara, zaldiak, izurdeak eta tximeletak bezala. Pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen gara. Barruak agintzen digunean dantzatzen gara. Gure kultura ospatu eta errituak berritzeko. Garen hori mugimenduan jartzeko. Zangoak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere dantzatzen gara gu. Zatoz gurekin dantzara, atera zure barruko animalia plazara!”.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!